Bidasoan ere bollerak saretu daitezkeela erakutsiko dute
Hirugarren Bollurriko egunetako bat Lakaxita gaztetxean egingo da, bihar. Orain arte egindako guztietan herri bakoitzeko errealitatera egokitutako egitarauak osatu dituzte.
Hirugarren Bollurria urriaren 1ean hasi zen Lezon, dagoeneko Azkainetik (Lapurdi) pasa da, eta Irunera bihar iritsiko da. Azken hitzordua Zumaian (Gipuzkoa) izango da, azaroaren 5ean. Jardunaldi horien berri emateko kartelean irakur daiteke «bekatoros, kuku eta komunitate ez normatiboan elkargune transfeminista» dela, baina hori baino gehiago bada, herri bakoitzean bollerek duten beharrei eta helburuei erantzutea dute xede, haien artean sareak sortzeko eta sendotzeko.
Lehenengo edizioa 2020ean izan zen, eta bollerek egindako eta bollerei zuzendutako egitarau txikiak osatu zituzten. Hasierako aldi horietan «zeharo heteronormatiboa den inguruan» ikusgarritasuna lortzea, espazioak hartzea eta sarea sortzea ziren helburuak, Irungo Bollurriko kideek adierazi dutenez. Hurrengo urteetan asmo berdinekin jarraitu dute, baina egitarau zabalagoak kaleratuz.
Pandemia protagonista izan den bi urteetan konplikatuagoa izan da egitasmoarekin aurrera egitea; horrek harremanetan eta sareetan eragina izan zuela aitortu dute antolatzaileek. Dena den, edizio horiek arrakastatsuak izan zirela ondorioztatu dute, Euskal Herriko txoko ezberdinetako bollerek parte hartu zutelako eta askok elkar ezagutu zutelako. «Ezin dugu sare sendo bat sortu dela esan, baina indartzen eta forma hartzen ari dela ziur gaude».
Egitaraua
Ikusgarritasuna da jardunaldien ardatz nagusienetako bat. Herri eta hiri guztietan ez dute ikusgarritasunaren bueltan errealitate bera bizi, eta horren arabera osatu dituzte egitarauak. Bidasoan ez dago bermatuta bolleren ikusgarritasuna antolatzaileen esanetan, hasieran batean Moskun egin nahi zutelako egitarau osoa, baina horretarako berme falta deitoratu dute. «Moskun egiteak talka egiten zuen espazio seguru bat bermatzearekin. Hau da, ezin genuen bermatu, jai giroan eta gau partean batez ere, ez zenik gu geunden tabernetan Bollurriko subjektua ez zen norbait sartuko ez zenik». Espazio seguruaren baldintza ezinbestekoa zen antolatzaileentzat, eta beraz, Lakaxita gaztetxean egingo dute, bertako asanbladaren babesarekin.
Bidasoan ez dago bermatuta bolleren ikusgarritasuna
Gaztetxeko ataka 16:00etan irekiko dute, harrerarekin. Jarraian, 17:00etan, Elena Urko laguntzaile sexualak Antolatuz gero denek egingo dugu narrutan tailerra eskainiko du. Laguntzailea irundarra da, eta bere herrira bueltatuko da, «ilusioa egin dio itzultzea eta hemen eragitea», baieztatu dute antolatzaileek. Tailer korporal bat izango da, esperimentala eta hausnarketa bultzatzen duena.
«Norberaren mugak ezagutzeko, esperientziak konpartitzeko, jolasteko eta praktika sexual anitz zein seguruago baten bidean tresna berriak jasotzeko». Aurretik izena eman behar da bollurria@gmail.com helbidera idatzita. Gero, 20:30ean, aulki jokoen eta afaltzeko tartea izango da. Azkenik, gaua girotuko dute Lola Von Pololak, Aduana Marranak eta Bask beatbox musikariak.
Bidasoa, askorentzat «ezezaguna eta arrotza» dela diote Irungo Bollurrikideek, eta Euskal Herriko jardunaldiekin bat egitea garrantzitsua izan da antolatzaileentzat. Beste eskualde batzuetan bolleren saretzeak sustrai gehiago dituela azaldu dute, «dinamika aberatsak daude, edota saretuagoak». Gabezia horri erantzunez Irungo bollerak antola daitezkeela erakutsi nahi dute bihar. «Agian beste edozeren hasiera izan daiteke!».