[Bideoa] Loratzen jarraituko du Jaizkibelek
Jaizkibel konpainiak egun osoz Loratzen jarraituko duela adierazi zuen larunbatean. Ekitaldi nagusia arratsaldean egin zuten, Bentan.
Larunbatean, Loratzen jaialdi-ekitaldia egin zuen Hondarribian Jaizkibel konpainiak. Goizeko bisita gidatuen eta Gipuzkoa plazako hasiera ekitaldiaren ondoren, bazkaria egin zuten Jostaldi pilotalekuan. Ehunka izan ziren bertan bildu zirenak. Otorduaren ondoren, giroz bete zuten Portua auzoaren ingurua, eta gerorago egin zuten Bentako karpan eguneko ekitaldia.
Ekitaldi horretan 1997an atera ziren konpainiako kideak omendu zituzten, konpainia sortu zutenak. Izan ere, Loratzenen asmoa zen konpainiak desfilatzen 25 urte bete dituelako aitortza eta eskertze eguna egitea, eta baita lortu ere. Orduko hartan izan zirenek hitza hartu zuten, emozioz, amorruz, eta esker oneko hitzekin. Oihana Etxebarrietak eta Ane Lekuonak gidatu zuten ekitaldia.
Aldi berean, “espaloian egoten den jendea” eta lehen urteetan herri harresia egin zutenek egindakoa goretsi zuten. Ez zen falta izan udal garbitzaileei aitortza, greban daudelako euren lan baldintzen alde. Haien borrokaldia ez dela eurena bakarrik esan zuten ekitaldian, “mugimendu handi baten parte gara”.
Jarraian, Bentako ekitaldia laburtzen duen bideoa ikus daiteke.