Trenbideak estaltzearekin ados, inguruko auzotarrak
Entzute prozesu bat egin du EAJk, Via Irun 2023 programaren gaineko herritarren ekarpenak eta iritziak biltzeko asmoz.

Via Irun 2023 proiektuari ekarpenak egiteko entzute ziklo bat hasi zuen EAJk, eta erdigunean espazio publiko berri bat eraikitzeko trenbideak estaltzea, hiriaren bi aldeetako auzoak lotzeko bideak ahalbidetzea eta autobus geltokirako sarbide berri bat sortzearekin ados daudela herritarrak ondorioztatu dute.
Azken hilabeteetan hamar aurkezpen presentzial egin dituzte, trenbide ingurunetik gertu dauden auzo elkarteekin, Irungo Herritarren Foroarekin, hainbat sektoretako enpresariekin, mugikortasun iraunkorrarekin lotutako eragile eta elkarteekin eta hirigintza arloko profesionalekin.
Berrehun iritzi baino gehiago jaso dituztela dio EAJk eta horiek aztertu eta baloratu dituztela. Azpimarragarriena Anaka karrikan abiatzen den bidea eraikinetatik urruntzeko proposamena dela diote. “Hiritar batek proposatutako neurria eta egun jada gure proiektua barne hartzen duena”.