Ondarea digitalizatu nahi du udalak
Azterketa teknikoak egitea errazagoa izango dela dio udalak. Oraingoz udaletxea da digitalizatu duten eraikin bakarra.
Ondarea biltegiratzeari eta kudeatzeari buruzko Donostiako jardunaldi batzuetan parte hartu du Irungo Udalak, eta bertan, geolokalizazio zerbitzuak egindako proiektu pilotua aurkeztu zuten. Udaletxea eskaneatu dute eta ondarea digitalizatzeko udalaren lehen apustua izan da.
Digitalizazio horren emaitza esanguratsuena bisita digitala delakoa dela azaldu du Miguel Angel Paez Hirigintza eta Ondareko ordezkariak. “Aukera emango digu gure ondarearen digitalizazioan aurrera egiten dugun guztiak etorkizunean hiriko eraikin publikoen eta beste baliabide batzuen kudeaketa eraginkorragoa eta jasangarriagoa egiteko”.
Irungo eraikin publiko guztietan garatu nahi dute puntu hodeiko 3D eredu bat, neurketa mota eta azterketa tekniko bat egin ahal izateko. Aldi berean eraikinaren mantentze lanak erraztuko zirela adierazi dute. Inbentario hori egiteko Next Generation funtsak erabiliko dituzte.