[Erreportajea] Lapurriturri, hamabost urtez Aiako Harrian arreta eskaintzen
Aiako Harria Parke Naturaleko informazio guneak iragan igandean itxi zuen sasoia, irteera batekin. Aurten 1.126 bisitari pasa dira irekia egon den 45 egunetan. Orain atseden hartuko dute, Aste Santura arte.
Hamabosgarren denboraldia itxi zuen Lapurriturriko informazio guneak iragan igandean egin zuten onddo eta perretxikoen bilaketarekin. Lapurriturriko informazio gunea Aiako Harria Parke Naturalean kokatua dago. Inguru hori Lapurriturri bezala ezagutzen da, eta informazio gunearen izena bertatik datorrela jakinarazi du Irungo Udalak. Informazio puntu hori 2007an jarri zen martxan, eta udalak kudeatzen du bere eguneroko jarduna.
Gaur egun, bi dira Lapurriturriren egitekoak. Alde batetik «berehalako» arreta zerbitzua eskaintzen diete bisitariei Aiako Harria Parke Naturaleko eremurik hurbilenean dauden kultura, natura, historia eta ondare balioen, intereseko lekuen, monumentuen, ezaugarrien, bisita araubidearen eta zerbitzuen gaineko informazioa helarazteko.
Bestetik, hiritarrei bideratutako jarduera tematikoak antolatzen dituzte, parkeak eskaintzen dituen «aukera ezberdinak» aprobetxatzeko helburuarekin. Jarduera horietan naturarekin eta inguruarekin lotutako hainbat jarduera jorratzen direla baietsi du udalak; hala nola, geologia, astronomia, flora, fauna, historia edota kultura. Aurtengo denboraldiaren kasuan, hegazti eta izarren behaketak; onddoak biltzeko, inguruko meategiak ezagutzeko edo familian egiteko txangoak; eta margolaritza ikastaroak bideratu dituzte.
Itxi berri den sasoian informazio gunea irekita egon den 45 egunetan, 1.126 bisitari zenbatu eta 389 kontsulta argitu dituzte. Orain, atseden hartuko dute, Aste Santura arte.
Mendia leheneratzen
Gizarteko beste hainbat esparru eta egitasmorekin alderatuta, COVID-19ak ez zuen eraginik izan Lapurriturriko bisitetan. Irungo Udalak zehaztu du Lapurriturriko eremua aire zabalean kokatua dagoenez, pandemiak ez zuela eragin kaltegarririk izan bisitarien kopuruan. Harago joan dira, iaz inoizko daturik onenak jaso baitzituen Lapurriturrik: «Neurri batean atzerrira bidaiatzeko eta espazio itxietan jarduerak egiteko murrizketen ondorioz, 2021ean informazio gunean bisiten eta kontsulten daturik handienak jaso ziren». Aurten, baina, «beherakada» izan dute, eta «pandemia aurreko datuetara» itzuli direla onartu.
Iazko otsailean, baina, Aiako Harria Parke Naturalak naturagune batek jaso dezakeen berririk txarrena jaso zuen, sute batek bertako hainbat hektarea kiskali baitzituen, 400 hektarea gutxi gorabehera. Sute hori, gainera, azken urteetan Gipuzkoan izandako bortitzena izan zen. Ordutik, «kaltetutako eremu guztiak leheneratzen» ari direla iragarri du udalak, eta «basoa berreskuratzen errazteko neurriak» hartu dituzte. Hemendik aurrera, neurri horiekin eragiten jarraitu nahi dute.
Duela bi aste, Irungo Udalak Aiako Harriko eremuan dauden lau partzela erosiko dituela jakinarazi zuen, Erlaitz eta Pagogaina ingurukoak. Lursail horiek erostea udalak «lurzoru publikoaren azalera handitzeko duen politikaren barruan» sartzen dela nabarmendu dute. Gauzak horrela, naturagune babestua hobeto kudeatu eta lursailaren aurreko jabeen jatorrizko asmoa ekidin ahalko dela azaldu du udalak, «zuhaitzak matarrasa moztea» helburu baitzuten.
Orain, baina, udal erakundearen xedea da baso naturalak lehengoratzea, gaur egun dauden landare exotikoak ordezkatuz.