Kronologia: Irungo Harrera Sareak, bost negu
Azken lau urteetako migrazio politikak eta horien ondorioak jaso dira kronologia honetan. Era berean, Irungo Harrera Sarearen historiako efemerideak hautatu dira.
2018ko uztaila. SOS Arrazakeria mugitzen hasi zen, Irungo tren geltokian Afrikatik iritsitako hainbat migrante kalean lotan zeudela identifikatzean. Ezin zutela Lapurdira pasa adierazi zieten. Ondorioz, Lakaxita gaztetxean lo egiteko aukera eskaini zitzaien, gero harrera gunea bilakatu zen arte. Egun Irungo Harrera Sarea bezala ezaguna den taldea sortu zen eta hasieran 100 boluntariotik gora ibili ziren lanean.
2018ko abuztua. Gurutze Gorriak ‘trantsituan dauden migrante’ gisa sailkatuta daudenentzako lehen baliabidea jarri zuen Leka Enea eskolan.
2018ko urriaren 10a. Egoeraz «nazkatuta», Lakaxita sarekideek gaztetxea utzi eta presioak Martindozenea baliabide gisa egokitzea eragin zuen. IHS harrera San Juan plazan mahai baten bueltan egiten hasi zen, gaur egun arte. 2019aren bukaeran Hilanderasekoa ireki zuten.
2019ko urtarrilaren 26a. Lehen manifestazio nazionala deitu zuen IHSk. Pertsona ororentzako zirkulazio librea aldarrikatu zuten, ‘Euskal Herria harrera herria’ lelopean. Ordurako 5.500 pertsonari egin zietela harrera adierazi zuen sareak.
2019ko martxoaren 28a. Boluntarioek Martindozenearaino urrats berdeak margotu zituzten lurrean, eta informazio panel handi bat jarri tren geltokian. 2019ko ekainaren 1a. Jaialdi solidarioa egin zuten Lakaxita gaztetxean, eta ‘Harrera’ izeneko babes kantu bat egin zuen Patxuko Nice taldeak.
2019ko azaroaren 8a. Amets Arzallus bertsolari eta IHSko kideak, eta Ibrahima Balde Irundik pasatako migranteak Miñan liburu autobiografikoa kaleratu zuten. Lau haizetara zabaldu zen liburua kontakizunaren gordintasunagatik.
2020ko martxoaren 17a. Pandemiagatik jarduna eten zuen Irungo Harrera Sareak, lehen aldiz bi urtean, eta ibilbide osoan.
2021eko apirilaren 18a. Tessfit Temzide gazte eritrearra urkatuta aurkitu zuten Azken Portun. Migrazio politiken ondorioz hil zen lehena izan zen Bidasoan. Ondoren, beste zortzi heriotza zenbatu dituzte Bidasoa ibaian eta Ziburuko trenbideetan.
2021eko maiatzaren 22a. Yaya Karamoko bolikostarra hil zen itota Bidasoan. Infolibreren arabera, bost egun Atlantikoan galduta egon zen 28 urteko gaztea.
2021eko maiatzaren 29a. Bigarren manifestazioa egin zuen IHSk, Hendaiako sareekin batera. Hiri bakoitzetik zutabe bana atera zen eta Santiago zubian elkartu ziren. «Ezin dugu normalizatu bizitza hobeagoaren bila datozenen sufrimendua».
2021eko ekainaren 29a. Kontingentzia plana aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak. Irunen 238 eta Hondarribian 100 migratzaileri lekua ematea zuen xede. Behar izanez gero 400 pertsonarentzat ere tokia legoke, zehaztu zutenez.
2021eko abuztuaren 8a. Abdoulaye Koulibaly Gineako Errepublikako 18 urteko gaztea Bidasoa ibaian ito zen. Kanaria Handira iritsi zen maiatzaren 23an, ozeanoan salbatu eta gero.
2021eko urriaren 12a. Mohamed Kemal, Fayçal Kamadouche eta identifikatu gabeko gizon bat goizeko lehen trenak harrapatuta hil ziren Ziburuko trenbideetan. BERRIA-k jakin zuenez poliziarengandik ihesi zebiltzan, eta trenbidetik bidea egitea erabaki zuten «ikusiak ez izateko». Nekatuta zeudelako bertan lotan geratu ziren. Laugarren bat bizirik atera zen, eta Baionako ospitalera eraman zuten.
2021eko azaroaren 20a. Sohaibo Billa bolikostarrak bizia galdu zuten Bidasoa ibaian. Espainiako poliziak ezin izan zuen hatz marken bidez identifikatu, epaileak emaitza hori onartu zuen eta izen anonimoarekin lurperatu zuten Burgoseko hilerri musulmanean. Gogor salatu zuten erabaki hori Ipar eta Hego Euskal Herriko sareek.
2022ko martxoaren 12a. Ibrahim Diallo senegaldarra ito zen Bidasoa ibaian. Daouda Samba bere laguna zen, duela 20 urtetik bizi da Irunen eta Diallok ez ziola ibaia gurutzatzeko asmoa adierazi esan zuen.
2022ko ekainaren 18a. Abdourraman Bah 25 urteko ginearra ito zen Bidasoan. Lanzarotera maiatzaren 12an iritsi zen.