Juan Thalamas Labandibarren, gehienez orduko 30 kilometrora
Gipuzkoako Elkarrekin Podemos-IUk galdera bat erregistratu du Gipuzkoako Foru Aldundian gai hori argitu ahal izateko.
Gipuzkoako Elkarrekin Podemoseko Batzarkide Taldeak Juan Thalamas Labandibar kaleko abiadura egokitzeko eta murrizteko galdera bat erregistratu du, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuari zuzendu diona. Alderdi moreak gune horretako abiadura muga orduko 30 kilometrora jaitsiko den argitu nahi du.
2021eko abenduan, Irungo Udalaren Osoko Bilkurak “aho batez” onartu zuen hiriko hainbat elkartek aurkeztutako mozioa. Mozio horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiari Juan Thalamas Labandibar kaleko GI-636 errepidearen abiadura orduko 30 kilometrora murrizteko eskatu zioten. Mozio horren eragina hirukoitza izango zela eutsi du Podemosek: mugikortasun segurua eta iraunkorra, airearen kutsaduraren murriztea eta kutsadura akustikoa ere murriztea.
Errepide horretako abiadura muga orduko 50 kilometrora jaitsi bazen ere, trafiko handia duen errepidea dela azaldu du alderdi moreak, ibilgailu partikularrez gain, garraiobide astunak ere igarotzen baitira bide horretatik, bide segurtasuna zein ingurumen kutsaduran duen inpaktua azaleratuz.
Podemosetik zehaztu dute Zirkulazioko Erregelamendu Orokorrak ibilbideetako abiadura muga orduko 50 kilometrokoa dela, non eta udal agintaritzak ez duen titularrarekin adosten muga hori jaistea. Horixe da, hain zuzen, alderdi moreak dioena, Irungo Udalak, 2021eko abenduan, “aho batez” onartu zuelako Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinarazi zion mozioa, gune horretako abiadura muga orduko 30 kilometrora murrizteko.
Elkarrekin Podemoseko batzarkideek Juan Thalamas Labandibar kaleko abiadura muga orduko 30 kilometrora ez jaisteko arrazoiez galdegin dute. Alderdi moreak esan du ia urtebete daramatela Irunen aldaketa horren zain, are gehiago tankera horretako aldaketak hirian aurrez egin direla jakinik, Letxunborro hiribideko abiadura muga orduko 30 kilometrokoa baita.
David Nuño Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak baietsi du “zentzuzko galdera” dela alderdiak erregistratu duena, “osoko bilkuran aho batez” hala erabaki baitzuten. Nuñok argi du egitekoa: “Gure bizilagunen segurtasuna da kontua. Ate guztietan joko dugu. Nahikoa zen elkarte bakar batek mozioa aurkeztea osoko bilkuran agintariak mugitzeko eta jarduteko. Kasu honetan, hamar elkartek hartu dute parte, eta horrek argi adierazten du zein garrantzitsua den Artia eta Behobia auzoetarako”.