[Erreportajea] Harrera sareak, bost negu
Laugarren urtea eta bosgarren negua beteko du Irungo Harrera Sareak. Ordutik, Santiago eta Behobiako zubietako kontrolek berdin jarraitzen dute, eta ez dela harrera duina bermatzen salatzen segitzen dute.
Lau urte bete zituen Irungo Harrera Sareak (IHS) urriaren 10ean. Erraz konta daiteke lau urte zenbat diren, baina atzera begira konta ezin daitezkeen mila eta bat istorio eta irabazitako eta galdutako bizitzak daude, sarearen bueltan garatutakoak. Bi etapa eduki dituela esan daiteke. Lehena sorrerakoa litzateke, Lakaxita gaztetxean 100 boluntariotik gora elkartzen hasi zirenekoa, eta egun IHS bezala ezaguna denari forma ematen hasi zitzaionekoa. Bigarrena jarduna kalean egiten hasi zirenekoa litzateke, orain artekoaren urte gehien biltzen dituena.
Dena Irungo tren eta autobus geltokian lotan zeuden Afrikatik etorritako migrante talde bat identifikatu zutenean hasi zen, SOS Arrazakeriak egin zuen hori. Ezin zutela Lapurdira pasa adierazi zieten, eta lehen aldiz Hendaia eta Irun artean kontrol arrazistak zeudela publiko egin zen. Horren aurrean, Lakaxita gaztetxeari arreta egiteko espazioa utziko zieten galdetu zioten, bertan sortuko zenak hartuko zuen dimentsioa aurrez jakin ezinik. Ordutik, gainera, manifestazioak egin dira kontrol horiek kentzea eskatzeko, eta Irun eta Hondarribiko udalek, Eusko Jaurlaritzak edota Euskal Hiriguneen Elkargoak Frantziako Gobernuari eskaera berdina egin diete.
Sarearen hastapenetara jota, inprobisatutako saretzea izan zela gogorarazi behar da, eta gaztetxea militantzia ezberdinetatik zetozen bidasoarrak elkar ezagutzeko eta antolatzeko elkargune bat izan zela. Horrela oroitu du hasieratik sareko kide den Karmele Etxeberria Arrizurietak, egun arropategiko taldean dabilenak: «Denak gaztetxean elkartzen ginen eta denon babeslekua zen».
Bertan harrera egiten zuten, otorduak prestatu, gaztelania eta euskara klaseak eskaini, lotarako txoko bat prestatu eta kudeatu, osasun arreta eman, eta migrazio politika duinak eskatu, besteak beste. Hiriko politikari biren bisita ere jaso zuten, hala nola, Jose Antonio Santano alkatearena eta Xabier Iridoy EAJko ordezkariarena. Ikusgarritasuna lortu zutenaren seinale.
2018tik, euskaldunek ez ezik, Kanaria uharteetan eta Andaluzian ere badute sarearen berri. Josune Mendigutxiak Frontera Sur elkarteak ezagutzen dituela jarri du horren adibide gisa. Horiez gain, egun ere harremanak estutzen jarraitzen dute, esate baterako, joan den irailean Castelloko l’Aurora Grup de Suport En Borrianarekin elkarlanean hasi dira. Talde horrek babesa ematen die Meditarraneoan erreskate lanetan dabiltzan ontziei. Etxera begira ere badabiltza elkar harremanetan, zehazki, Ipar Euskal Herriko Etorkinekin Bidasoa eta Diakiterekin. «Euskal Herria herri bat da. Erdian Bidasoa dago eta bi zubi. Denon artean egin behar dugu lan».
Migranteek ere haien artean boluntarioen lana elkarbanatzen dute. Era horretan, geltokira iristen direnean, badakite Gurutze Gorriaren Hilanderas baliabiderako bidea seinalizatzen dutela oinatz berdeek [IHSk lurrean jarritako ikurrak dira], eta Gautxori izeneko talde batek harrera egingo diela Irunera iristean. «Informazioa pasatzeak badu bere alde txarra ere. Migranteen artean informazioa pasatzen dute, bai, eta askotan ez dira plazatik pasatzen, joaten baitira zuzenean Bidasoa ibaira. Pasatzea lortu duenak abisatzen die besteei hortik pasa dela, eta oso ongi atera zaiola. Baina ito denak ez du mezu hori bidaltzen», iritzi du Mendigutxiak.
«Pasatzea lortu duenak abisatzen die besteei pasa dela, baina ito denak ez du mezu hori bidaltzen» Josune Mendigutxia. Irungo Harrera Sarea
Azken aldian datozen gazteek ez dutela informazio askorik IHSri buruz deitoratu du Mendigutxiak, eta hori «arraroa» dela. Akaso Irunera iritsi arte migrazio bidea jarraitzeko politikek eragindako baldintzak daude IHS ezezaguna izatearen atzean. Hau da, orain, Kanaria uharteetan urtebete egon direla kontatzen dute gehienek, Gautxori taldeak publiko egiten diren datuetan irakur daitekeenez. Mendigutxiak berretsi du migrazio bideak aldatu egin direla: «Lehen Mediterraneotik edo Ceuta, Melilla edo Tarajaletik etortzen ziren. Hori guztia itxi zuten, eta Kanarietako bidea da orain hartzen dutena». Aldaketa horrek transmisioan eragin duenaren susmoa dute.
Harrera duina eta integrala, faltan
Irungo Hilanderaseko baliabidea Espainiako Estatuan bidean dauden migranteentzako egoitza bakarra da, eta hori zabaltzea presioa eraginez lortu zutela uste du Mendigutxiak. Harrera duina eta integrala eskatu dute betidanik, baina hori horrela ez dela salatzen jarraitzen dute. Horretan sakontzeko, Gurutze Gorriaren baldintzak izan dituzte hizpide Mendigutxiak eta arropategiko kide Charo Ayesak. Biek bat egiten dute ez dakitela zeintzuk diren baldintza horiek, nahiz eta askotan horien gainean galdetu dioten Eusko Jaurlaritzari. Baieztatu dutena da ez dietela denei sartzen uzten. «Instituzioen diskurtsoa hedabideetan da harrera ematen dietela migrante guztiei, eta hori ez da egia», salatu du Ayesak.
Hori ziurtatzeko egunero IHStik pasatzen direnen bi kontaketa egiten dituzte 2021etik, harreran eta Gautxorian. Zenbat emakume, gizon, haur, eta zenbat adin txikiko iritsi diren kontatzen dute. Horrez gain, Gautxorikoen kasuan, norbait kalean geratzen baldin bada ere zenbatzen dute, hurrengo egunean harrerakoek jarraipena egin ahal izateko. Ayesak emandako datuen arabera, 2021ean 222 pertsona geratu ziren kalean, eta 2022ari dagokionez, 88k ezin izan dute sartu Hilanderasen. Guztira 24.000 migranterekin aritu da lanean IHS. Lehen bi urteen datuak gutxi gorabeherakoak direla dio Ayesak. Baionako Pausa zentrotik eta Gurutze Gorritik zenbat igaro diren izan dituzte aintzat batez bestekorako.
Baldintzen zorroztasuna batez ere adingabeek jasaten dutela nabarmendu du Ayesak. Adin txikiko atzerritar ez-lagundua gisa identifikatzen dituzte, eta beraz, migrazio bidea ez jarraitzeko aukera ematen diete, hau da, aldundiaren adin txikikoen egoitza batera joatea eskaintzen diete, eta ez Gurutze Gorriaren baliabidera. Haiei ere trantsituan dauden migrante gisa tratatzea eskatu du Mendigutxiak. «Beraiek ez dute hemen babesik nahi, Frantziara joan nahi dute, eta han eman behar diete babesa adin txikikoa delako, ez hemen. Lo egiten utzi behar diete, gero beraiek segituko dute bidea». Egoera horien aurrean, Gautxoriko kideek, baldin eta eguraldia zein den, kanpin denda jartzen diete edo aterpetxe batera bideratzen dituzte.
«Instituzioen diskurtsoa da harrera ematen dietela migrante guztiei, eta hori ez da egia» Charo Ayesa. Irungo Harrera Sarea
Gurutze Gorriko baldintzak zein diren inoiz ez jaso arren, Mendigutxiak azaldu du ez dutela balio Irunera iristen direnentzat. «Estatuan urte bat baino gehiago badaramate kanpora doaz, eta hiru gau pasa ditzakete gehienez. Hori Irunen ezin da onartu. Murtzian aurrera jarraitzeko baldintza horiek jartzea ulertzen dut, baina hemen ez, kontrolengatik ezin dutelako bidean segi».
Ez dadila haria eten
Gaur egun sarea lau taldek osatzen dute: Gautxoria, harrera, komunikazioa eta arropategiak. Lehen biek kale gorrian egiten dute lan. Harrerakoek, goizero, 10:00etan, mahaia jartzen dute San Juan plazan, eta migratzaileei haien eskubideen berri ematen diete, baita gomendioak eman ere haien helmugara iristeko. Egunero mahaia jartzen dutenetik jende andana gerturatu zaie, ea nola kolabora dezakeen galdetzera. «Interesa du jendeak», baieztatu du Mendigutxiak, baina lau urte eta gero «dekoratuaren parte» direla ere sentitu eta deitoratu du.
Fisikoki gerturatzeaz gain, distantziatik ere harremanetan jarri izan dira Euskal Herriko ikastetxe, elkarte edo antolakundeak, migranteei nola lagundu galdetzeko edo migrazioa jorratzeko ikastetxeetara joan daitezen eskatzeko. Galdera horiei guztiei erantzuteko komunikazio taldea dabil lanean.
Boluntario gehienak Bidasokoak dira. 2022an, ordea, joera aldatzen hasi dela ondoriozta daiteke, Oarsoaldeko bizpahiru boluntario Gautxori taldean parte hartzen hasi baitira. Horren eredu da Edurne Erkizia sanjuandarra: aste honetako asteartean bere laugarren txanda egin du. Afrikan kooperazioak egiten aritu dela azaldu du. Baina etxean zerbait egiteko aukera egongo ote zen galdetu zion bere buruari. Eta IHSrekin topo egin zuen. «Ez nuen harrera sarea ezagutzen, eta izugarria iruditzen zait».
Hasieratik sarean dabiltzan gehienak emakumeak dira, eta 40 urtetik gorakoak dira. Aldiz, Afrikatik migratzen Irunera iristen diren gehienak gizonak dira. Era berean, arropategiko Etxeberriak nabarmendu du hasieran gazte asko zebiltzala sarean, egun ez, ordea. «Beste erakundeek sarritan errepikatu dute boluntariotzan ez dagoela erreleborik. Zer gertatzen ari da? Nik ez dakit, jende gazteak erantzun beharko dio galdera horri. Ez dakit nora begira dauden».
«Beste erakundeek sarritan errepikatu dute boluntariotzan ez dagoela erreleborik» Karmele Etxeberria Arrizurieta. Irungo Harrera Sarea