[Erreportajea] Neguko asteburu ilunei bizitza emateko olinpiadak
2016a izan zen Hondarribian olinpiadak antolatu ziren azken urtea. Joan den ostiralean ohitura berreskuratuko dutela iragarri zuen Hondarribiko Gazte Asanbladak.
Joan den ostiralean eskaini zuten Hondarribiko Olinpiadak dokumentala Kultur Etxean. 25-30 lagun gerturatu ziren hura ikustera. Saio berezia izan zen. Izan ere, 2023an Hondarribian olinpiadak berreskuratuko dituztela iragarri zuen Gazte Asanbladak.
Festetan Gazte Eguna antolatu zuen talde berak garatuko dituela azaldu du Urko Iridoyk. «Talde gaztea gara, saltsa guztietan sartuta gaudenak». Gazte Egunak izan zuen arrakasta ikusi eta momentua aprobetxatu egin behar zutela ohartu ziren. «Saiatu behar ginela esan genion elkarri, olinpiadak egitea handia izango litzateke guretzat».
Komite Olinpiko berriak [hala deitu dute euren taldea] herri iniziatiba antolatuko duen lehenengo urtea izanik, olinpiada xumeak izango direla aurreratu dute. «Zenbat taldek izena ematen duten eta antolaketarekin lehen kontaktua nolakoa izango den ikusi nahi dugu», azaldu du Iridoyk, datozen urteetan jarduerarekin jarraitzeko asmoa baitute. Olinpiaden helburua Hondarribiko gazteak elkartzea eta neguan dauden asteburu ilun horiei bizitza pixka bat ematea dela adierazi dute.
Proposamenari seriotasuna emateko hasieratik ezarri zuten egutegia. Probak hiru asteburutan egingo dituzte: otsailaren 24ko asteburuan, martxoaren 17koan, eta apirilaren 14koan. Azken jaialdia ekainaren 3an izango da. Egun horiez gain, beste hitzordu bat ezarri dute. Azaroaren 18an asanblada irekia egingo dute, antolakuntzaren nondik-norakoak plazaratzeaz gain, olinpiadak zer diren azaltzeko: «Gure belaunaldiak ez ditu olinpiadak bizi izan. Jokoez eta parranda egiteko aitzakia izateaz gain, antolaketaren barnean ezkutatzen dena eta taldeen konpromisoa nolakoa den azaldu nahi dugu». Azken hori baita olinpiaden ezaugarrietako bat. Komitearentzat bereziki garrantzitsua da kuadrillen atxikimendua.
Aurki, taldeek bete beharko dituzten kondizioak azaltzen dituen dokumentu bat prestatuko dute. Partaide izateko 18 urte izatea beharrezkoa da, gainontzean, edonork parte hartu dezake. Antolakuntzatik aurreko edizioetan parte hartu duten taldeei animatzeko dei berezia luzatu diete. Izena emateko azken eguna abenduaren 31 izango da.