Euri-urak bideratzeko kolektorea egiten hasi dira Eguzkitzan
Kale Nagusiko, Arantzateko Jaunako, eta Gain-Gainean inguruko urak jaso, eta Dunboako ubidera bideratuko ditu euri-urak.
Eguzkitza eta Virgen Milagrosa kaleetan kolektorea egiten hasi dira, euri urak bideratzeko. Horrekin, Kale Nagusiko, Arantzateko Jauna kaleko, eta Gain-Gainean inguruko urak jasoko dira, zuzenean Dunboako ubidera bideratzeko. Horrela, Urdanibia plazan, Papinean eta Korrokoitzen, balizko euri jasa handiak direnean, uholde arriskua gutxituko da.
Eraikitzen hasi diren kolektorea, 2019an eraiki zen Sargiakoarekin batuko dute. “Horrela, Irungo drainatze sare nagusia osatuko da”, azaldu du Jose Antonio Santano alkateak.
Leire Zubitur Txinzerreko kudeatzaileak hainbat datu eman ditu. Lehenik, lanen aurrekontuarena: 1.029.230 euro. Zehaztu du lanak zortzi hilabetez luzatuko direla, beraz, tarte horretan Eguzkitza eta Virgen Milagrosa kaleetan eragozpenak sortuko direla esan du Zubiturrek, trafikoari dagozkionak batik bat.
Lan horiekin, gainera, ur zikinen nahiz ura banatzeko sareak eraberritzeko aukera izango da. Eguzkitza kalean, aldi berean, espaloiak zabalduko dituzte eta argiteria publikoa hobetuko dute.