Energiaren erabileraz hausnartzeko hainbat jarduera egingo dituzte
Urriaren 21ean Energia Aurrezteko Nazioarteko Eguna da, eta Bidasoa Bizirikek herritarrak sentsibilizatu nahi ditu.
Irun eta Hondarribiko Udalek hainbat jarduera antolatuko dituzte urriaren 21ean, egunerokoan energiaren erabileraren inguruan herritarrak kontzientziatzeko. Izan ere, urriaren 21a Energia Aurrezteko Nazioarteko Eguna da. Bidasoa Bizirikekin batera antolatuko dituzte jarduerok, Itzaltzen duzunean, zerbait argitzen da lelopean. Astebetez luzatuko dituzte jarduerak.
Iaz eskualdeko energiaren mahaia sortu ondoren, Migel Angel Paez Bidasoa Biziriken presidenteak azaldu du aurten “herritarrak energiaren erabileraren inguruan sentsibilizatzeko eta energia jasangarriaren erabileraren inguruan hausnartzeko”.
Komunikazio kanpaina
Bide horretan, aipatu komunikazio kanpainak hainbat alderdi izango ditu. Astelehenetik aurrera, hainbat euskarri erabiliko dituzte (markesinak, sare sozialak, eta komunikabideak), herritarrak jardueretan parte hartzera animatu daitezen.
Urriaren 19an, asteazkena, Irungo Palmera Montero gunean “Energia-faktura, energia-eraginkortasuna eta berriztagarriak zure etxean murrizteko” hitzaldia eskainiko dute, eta biharamunean, ostegunean, “Energia aurrezteko gakoak zure etxebizitzan” hitzaldia entzuteko aukera egongo da Hondarribiko Kultur Etxean. Bi hitzaldiak arratsaldeko 19:00etan hasiko dira.
Urriaren 21a, Energia Aurrezteko Nazioarteko Eguna
Esan bezala, datorren ostiralean Energia Aurrezteko Nazioarteko Eguna izango da. Hondarribiko eta Irungo Udalek, beraz, herritarrei dei egin diete Kandelen Gauean parte hartzera: gaueko 22:00etan, bost minutuz etxeko argia itzali eta balkoi nahiz leihoetara kandela bat piztuta atera daitezen.
Hortaz gain, Aranzadi Astronomia Sailaren eskutik, 50 lagunek izarren ikuspen batez gozatzeko aukera izango dute. Bidasoa Biziriken wegbunean galdera honi erantzuten dioten pertsona guztien artean aukeratuko dira parte-hartzaileak: Zer ekintza egiten dituzu egunero energia aurrezteko?