[Elkarrizketa] «Emakume saskibaloilariek B aukera bat izan behar dugu»
Bigarren sasoia du trintxerpetarrak (1994) Casademont Zaragozan, eta 2024ra arte sinatu du. Ikasketak ditu «biziraun ahal izateko» etorkizunerako aukera: «Emakumea bazara, hau ez da betirako».
Nondik datorkizu saskibaloiarekiko zaletasuna?
Oso txikitan hasi nintzen, Eskola Kirolarekin. Kirol desberdinak egiten genituen, eta gehien gustatu zitzaidana, duen talde izaeragatik, saskibaloia izan zen. Esan behar dut futbolean ere aritu izan naizela, baina egia da baloia oinekin maneiatzen ez naizela sekula oso abila izan [barrez], eta ordutik gehiago zentratu nintzen saskibaloian, gainontzeko kiroletan baino hobea nintzelako.
Ordutik bide luzea egin duzu saskibaloi jokalari moduan.
Esan bezala, Eskola Kirolarekin hasi nintzen, eta nire ikastetxeak [San Luis La Salle] hitzarmen moduko bat zuen Easo taldearekin; horregatik, gero, klub horretara bideratu ninduten. Bertan eman nuen nire nerabe ibilbide guztia, eta gero, 18 nituenean, Donostia Basket sortu zuten eta hortik zuzenean pasa nintzen IDK Gipuzkoarekin jokatzera.
Bertan, oker ez banabil, zortzi urte eman nituen. Bitarte horretako udara batean Argentinara bidaiatu nuen bertan jokatzera, eta une horretan egin zuen klik nire buruak, eta pentsatzen hasi nintzen gauza berriak probatu nahi nituela. Denbora asko neraman IDKn, eta esperientzia berriak bizi nahi nituen.
Beste taldeen merkatura aurkeztu nuen nire burua, eta zenbait eskaintza izan nituen. Horien denen artean Zaragoza hautatu nuen, eta hau dut nire bigarren urtea haiekin.
Esan behar dut joan den udan Mexikon egon nintzela jokatzen, eta espero dut datorren uda honetan ere errepikatu ahalko dudala.
Kirol alorrean ez ezik, maila pertsonalean ere aldaketa handia izan zen hori, ez?
Guztiz. Oso erabaki konplexua izan zen; dena utzi behar duzu, bikotekidea, familia, lagunak… Baina, tira, uste dut une horretan niregan pentsatu nuela besteengan baino gehiago, profesional bezala bizi nahi nuen horretan, eta abenturan murgildu nintzen bete-betean. Arriskatzen ez duenak irabazten ez duela esan ohi dute, eta hala izan zen.
Abiapuntu bat ere izan zen nire buruarekin gehiago egoteko. Intimitate gehiago ere behar nuen; niretzako denbora. Gurasoen etxean egotetik, liberazio puntu bat ere izan zuen horrek. 2018an Argentinan lehen hartu-emana izan nuen independentzia horrekin, eta gustatu zitzaidan.
«Liga profesional batera heltzen zara, eta kristoren kolpea hartzen duzu aurpegian»
Hortaz, bada, sentsazio gazi-gozoa izan zen: batetik, gogo handia nuen, baina bestetik, beldurra ere ematen zidan dena atzean uzteak. Azken batean, oso pertsona familiarra naiz, eta ezinegona sortzen zidan bakarrik topo egiteak nire buruarekin, etxetik urrun.
Zaila izan zen, noski, baina egia da ez naizela harturiko erabakiaz inolaz ere damutzen eta berriro egingo nukeela aukera berdina izatekotan.
Arriskatuz irabazi zenuen, beraz. Nolako harrera egin zizuten Zaragozan?
Zalantzarik gabe. Iaz etorri nintzen Zaragozara, hasieratik izugarri ondo jaso ninduten; etxean bezala sentitzen naiz. Hemengo jendea zoragarria da, maña [aragoiar] bat gehiago naiz. Oso gustura nago.
Egia da, noski, lehen urtean izan nituela nire ahuluneak. Zure herrian zaudenean, partida jokatu eta, gaizki badoa, diozu, ‘tira, banoa nire etxera’. Bertan dituzu zure gurasoak edo familia.
Hemen, etxera bueltatu eta bakarrik zaude. Denbora asko pasatzen duzu bakarrik. Baziren momentu zailak non etxekoen babes hori faltan botatzen nuen, baina tira, hori ere bada bizitzaren parte, eta ohitzen zara.
Iazko sasoia bukatu zenuten bolada onarekin hasi berri duzue aurtengoa: hilaren 5ean debutatu eta irabazi zenuten, talde oso aldatuarekin. Nola joan zen?
Zaila da aurreikuspenak egitea denboraldi osorako, egia delako taldea asko aldatu dela iaztik, hiru bakarrik gara berriak ez garenak. Horregatik, talde osoa dinamika berean sartzea konplikatua da. Dena den, egia da jokalari gehienek liga aurretik ezagutzen dutela, eta taldea oso gogotsu ikusten dut ongi aritzeko, onena emateko.
Jendea, hemen, Zaragozan, oso hooligan-a da, eta hori kontuan hartu behar den zerbait dela uste dut jokalarientzako. Zaleek kantxan exijitzen dizute; eta hori, indar handia bada ere askotan, beste batzuetan zaila da kudeatzen. Batez ere berria zarenean taldean.
Orokorrean, talentu handiko jokalariak ditugu aurten, esperientziadunak, eta uste dut horrek gure alde egingo duela denboraldian.
«Kirol honek ematen dizkidan poztasunak ez dizkit beste ezerk sekula eman»
Eta zeure helburuak zeintzuk dira?
Aurrera egitea; hobetzen jarraitzea egunez egun, jokalari bezala eta norbanako bezala ere, uste baitut biak oso lotuta daudela egunerokoan.
Taldean dudan rol osagarria hura zuzentzea da, denok onena eman dezagun gidatzea. Eta hortik, noski, saiatzea taldea hazi dadin, eta harekin ni.
Jokalari bezala [base eta eskolta posizioetan aritzen da], defentsatik, zeina nire indargunea den, saiatuko naiz erasoan ere gehiago ematen, uste dudalako badudala gehiago eskaintzeko.
Zein izan dituzu, jokalari gisa, momenturik gogor eta ederrena?
Zailenak, profesional bezala eman nituen lehen urteak izan ziren. 35 minutu jokatzetik zatoz eta, bat-batean, liga profesional batera heltzen zara, eta kristoren kolpea hartzen duzu aurpegian. Bidaiatu besterik ez duzu egiten, kantxara heldu eta ez jokatzeko. Oso frustragarria da. Gurasoei esaten nien: ‘Niri bost axola diruak, jokatu besterik ez dut nahi!’. Jakitun ere banaiz hori bizi behar dela; ez soilik kirolean, baizik eta eguneroko bizitzan, lanean… Beti hasi behar dela behetik gora egin ahal izateko.
Momenturik onenak, egunerokoak. Saskibaloia, gaur egun, nire bizitza da. Kirol honek ematen dizkidan poztasunak ez dizkit beste ezerk sekula eman. Egun bakoitza, niretzat, opari bat da. Gustuko dudana egiten bizi eta dirua irabazi ahal izatea izugarrizko zortea da.
Iaz Mexikoko Ligan aritu zinen lehian, Adelitas de Chihuahua taldearekin. Halako bidaiak ohikoak dira emakume saskibaloilarien artean, ezta? Zergatik?
Egia da hobetzen ari garela: Lehen Mailan talde berriak sartzen ari dira, baina oraindik ere oso motz gelditzen da lehia. Dena diru kontua da: emakumeen klubek ez dute dirurik maiatzaren bukaerara arte atzerriko jokalariak hemen mantentzeko, eta beraz, ligak 7-8 hilabete irauten ditu, eta gainontzeko hilabeteetan emakume jokalariok ez dugu ezertxo ere. Atzerrira joatea bizimodua ateratzeko aukera bakarra da emakumeontzat; geldirik ez egon eta hurrengo denboraldiaurrera fisikoki ahalik eta indartsuen iristekoa ere.
«Atzerrira joatea bizimodua ateratzeko aukera bakarra da emakumeontzat»
Argentinara joateko aukera izan nuenetik beti nabil aktibo jarraitzeko bide bila; ez soilik fisikoki, baita ekonomikoki ere, niri denboraldiak irauten dituen hilabeteak bakarrik ordaintzen dizkidatelako. Atsedenaldiak irauten dituen ia bost hilabete horietan nik ez dut kobratzen, eta luze egiten da hori.
Beraz, beste bide batzuk bilatu behar ditugu fisikoki ez ezik, ekonomikoki ere osasuntsu mantentzeko.
Menpekotasun ekonomiko hori ez da ematen gizonen saskibaloian, kategoria berean, ezta?
Ezta gutxiago ere. Saiatzen ari gara bide horretan aurrera egiten, baina zaila da. Azken batean, gizonen kirolak askoz diru gehiago mugitzen du, ligak luzeagoak dira, babesle gehiago sartzen dira… Lan handia dago egiteko, eta apustu sendoak egin behar dira emakumeen kirolaren alde.
Horretan guztietan zeresan handia duzue zuek [hedabideek]. Ikusgarritasuna eman behar zaio emakumeen kirolari, berdintasunaren alde, eta gure kondizioak gizonenekin pareka daitezken.
Ia utopikoa da emakumeak kirolarekin erretiratzea, eta horregatik, zuk baduzu bestelako prestakuntzarik, ezta?
Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza ikasi nuen. Tira, ez dut bukatu, oraindik hiru ikasgai ditut osatzeke. Esan duzun bezala, emakumea bazara, hau ez da betirako, eta bigarren aukera bat eduki behar duzu ikasketekin, epe luzera biziraun ahal izateko. Emakume saskibaloilariek B aukera bat izan behar dugu ezinbestean.
Zentzu horretan oso kontziente izan naiz beti, eta gurasoak ere gainean izan ditut, saskibaloiaren munduan bidea errazten, baina aldi berean ikasketen garrantzia etengabe nabarmentzen.