"Herriko hogeita bigarren konpainia garela, hemen gaudela eta bizirik gaudela” ospatuko du Jaizkibelek
Konpainiaren 25. urteurrena ospatzeko, Loratzen izeneko eguna ospatuko du Jaizkibelek datorren hilaren 22an (larunbata da). Egun osoko egitaraua prestatu dute, askotariko jarduera eta ekitaldiekin.
Jaizkibel Konpainiak 25 urte beteko ditu aurten, eta urteurrena biribiltzeko, Loratzen izeneko eguna antolatu dute hilaren 22rako (larunbata da). Gaur aurkeztu dute egitaraua konpainiako hainbat kidek, Hondarribiko Gipuzkoa plazan egindako agerraldian. “Urrutitik gatoz eta urrutira goaz. Nork esango zigun Jaizkibel Konpainia sortu genuenetik 25 urte pasa eta gero egongo ginen tokian egongo ginela?”, esan du Oihana Etxebarrietak lehenik.
Konpainiako kapitainak erantsi du dute oraindik ez dutela hasieran ezarritako helburua lortu, eta horrek kideak haserretzen dituela. “Ezin zaigu buruan kabitu emakume izate hutsagatik espazio publikotik, ospakizunetatik, herriaren bihotzetako batetik botatzen jarraituko gintuztenik XXI. mendean, baina errealitatea hori da”. Dena den,konpainiaren “gaztetasuna, freskotasuna, alaitasuna eta aurrera jarraitzeko grinak ospatzeko modukoak” direla uste dute, horregatik ekin diote egun handia antolatzeari. Hilaren 22koan “herriko hogeita bigarren konpainia garela, hemen gaudela eta bizirik gaudela” ospatuko dute eta horretarako egun osoko egitaraua prestatu dute. Hondarribiar guztiak eta inguruko lagunak gonbidatu dituzte ospakizunera.
Egitaraua
10:30ean hasiko dute egun handia, konpainiaren, alarde parekidearen aldeko borrokaren eta bestelako egite historikoen berri emango duen ibilbide historiko batekin. Plaza mugatuak daudela aurreratu dute, hortaz, helbide honetara idatzi beharko dute interesdunek. Bakoitzak bi lagunentzako erreserba egin ahalko du gehienez. Hala eta guztiz ere, kanpoan geratzen direnentzako hainbat bisita gidatu egingo dituzte urtean zehar.
12:00etan aldiz, Gipuzkoa plazan elkartuko dira, Loratzeni taldean ongi etorria eman eta festa hasteko. Zapi loreduna eramateko deia egin dute.
13:45an herri bazkaria (begetarianoa) egingo dute Jostaldi pilotalekuan. Txartelak Hondarribian Viv Vintage arropa denda, Ipotx goxoki dendan, Rafael eta Muara tabernetan eta Irunen Hazia tabernan eskura daitezke, 20 euroan.
Ospakizunekin jarraitzeko, 18:30ean “izan garena eta garena ospatu” eta kontzertuei emango diete hasiera. 19:30etik aurrera Hondarribiko The iingles taldea, Anari, Pinpilinpussies eta Merina Gris igoko dira oholtzara.
Egun handirako boluntarioak behar ditu Jaizkibelek, deialdia luzatu diete herriko bizilagunek, “urte osoan ere bagarelako, hemen gaudelako eta esateko eta egiteko asko dugulako!”.