"Behingoz hobekuntza planak martxan jar ditzatela" aldarrikatu dute Mendeluko auzotarrek
350 lagun inguruk manifestazioa egin dute gaur eguerdian. Gibeleta eta Zubietako berdeguneak "bizitegi-eremu eta enpresa poligono" bihurtu nahi dutela salatu dute, besteak beste.
Mendeluko auzotarrek protesta jendetsua egin dute gaur eguerdian, 350 lagun inguruk manifestazioa egin dute auzotik. Honetan, konponbideak eskatu dizkiote Hondarribiko EAJri, salatu dutenez, “plan orokor berriaren idazketa abian jartzearekin batera egiaztatu baitugtu arazoak konpondu beharrean larriagotu egin direla” Gibeleta eta Zubietako berdeguneak “bizitegi-eremu eta enpresa poligono” bihurtu nahi dutela salatu dute, hain zuzen, Plaiaundiko Parke Ekologikoaren eta Jaizubiako errekaren artean Europako ingurumen arauak izendatutako eremu babestua korridorea “errespetatu gabe”.
Kutsadura eta zarata arazoek jarraitzen dutela esan dute amorruz, egunean 55.000 ibilgailu baino gehiago pasatzen baitira auzotik. Bidegorri egoki bat eta trafikoa berrantolatzeko exijitu diete jeltzaleei.
Gogoratu dute 2021eko azaroan plan orokorrari buruzko iradokizunak aurkeztu zituztela, 300 bizilagun baino gehiagoren babesa jasota. Alkateari bilera bat eskatu zioten, eta 11 hilabetez erantzunik ez dutela jaso esan dute, amorruz. Halere, astelehenean udalarekin bilera bat egitea lortu zutela jakinarazi dute gaur.
Bilera honetan ez dutela “erantzun argirik lortu” esan dute, “ezta egin beharreko lanen egutegirik ere”. Arazoak konpontzeko batzorde bat eratzeko eskatu dute, “auzoak behar duen bezala, inguru horretatik Hondarribirako norabidean, zein alderantzizkoan igarotzen diren guztiek ere behar dutelako”. Gaurko manifestazioan, besteak beste, “behingoz hobekuntza planak martxan jar ditzatela” aldarrikatu dute.
EAJren erantzuna
Hondarribiko Udalak asteleheneko bileraren inguruko bestelako irakurketa egin du. Positiboki baloratu dute bilera jeltzaleek, “modu konstruktiboan egin baitzen, bai jarrera aldetik, baita landutako gaien edukiengatik ere”. Jeltzaleek aitortu dute “egiturazko arazo konplexu bat” dagoela auzoan, baina diote udalak ezin izango duela bere gain hartu soluzioa bakarka. “Duela berrogei urtetik metatzen ari diren egiturazko arazoak dituen auzo bat da, kokatuta dagoen guneagatik bereziki”, esan du udal gobernuak.
Erakunde guztien inplikazioa eskatzearekin bat datoz jeltzaleeak, baina onartu dute “objektiboki konplexua dela erantzun bakarra eta berehalakoa ematea”. Auzoarekin lankidetza orri bat ezartzeko eta erakunde bakoitzak bere eremutik egin ditzakeen konponbideak kontrastatzeko konpromisoa hartu dute, “betiere bakoitzaren eskumenak eta eskura dauden baliabide tekniko eta ekonomikoen gaitasunak kontuan hartuta”.
Azkenik aipatu dute bilera bat eskatu dutela Eguzki Kultur Elkartearekin, “auzoari buruzko kezkak eta interesak entzun eta kontrastatzeko”.