[Elkarrizketa] “Nerabeek sentitzen dutenari ez zaio garrantzirik kendu behar”
COVID-19ak batez ere nerabeen osasun mentalean eragina duela uste du Martinezek. Horri eusteko haiek entzutea ezinbestekoa dela uste du, eta erantzunak komunitarioa behar duela izan.
COVID-19k eraginik izan al du, osasun mentalari dagokionez, haur eta gazteen artean?
Bai, zalantzarik gabe. Gizartearen partaide ororengan eragina izan du, beraz, haur eta nerabeen artean ere bai. Ez dira isolatuak bizi. Beharbada, haurren eta nerabeen kasuak ezberdindu beharko lirateke. Haur txikienei dagokienez, helduongandik jaso dute informazioa; nerabeen artean, ordea, ez da horrela izan. Nerabe izatea bigarren jaiotza antzekoa dela esaten dute, euren izaera birkokatzeko aukera dute adin tarte horretan: azken hauek eurek jasotako estimuluak eta informazioa gorde dituzte.
Beraz, haurren eta nerabeen artean alderaketa egin behar da.
Bereziki haur txikienak, eta aurre-nerabe nahiz nerabeak ezberdinduko nituzke, 10-12-14-16 adin tarte horretakoak azken horiek. Tartean gelditu direnetan, momentuz, ez da ikusi COVID-19ak haien osasun mentalean eragin berezirik izan duenik.
Haur txikienenen kasuan, jaio eta berehala jasan zuten itxialdia. Distantzia sozial horrekin jaio dira, isolamendu horrekin bizi izan dira. Gizakia, izaki soziala da, eta isolamendu horrek asko markatzen du batez ere lehen bizipen horietan: elkarrekin jolasean aritzeko zailtasunak dituzten haurrak daude, elkarrekin harremantzeko ere arazoak daude, ez dakite bata bestearengana hurbiltzen, antsietate kasuak ere badaude… Ukimena eta sentimenduak oso garrantzitsuak dira adin horretan, sentsorialki bizi dira; pentsa, gurasoak ere ez gara ondo egon, beraz, pentsa txikienak. Beldurraren kulturan gero eta sartuago gaituzte: gerra, zailtasun ekonomikoak. Hori ere etxeetan bizi izan da.
Aurre-nerabe eta nerabeak?
Aipatu dut haien adinean bilatu behar dituztela berdinen arteko taldeak. Eta talde horiek hautsi egin zizkieten, isolatu gintuzten. Gainera, nerabezaroan aldaketa asko ematen dira: fisikoak, psikosozialak… Horiek denak puskatu ziren. Ez zuten etorkizun argirik ikusten. Nik esaten diodan bigarren jaiotza horretarako oinarri sendoak behar dituztenez, eta erreferentziazko helduak ere zalantzaz beterik geundelako, ez zuten bide argirik ikusten. Ezin ziren elkar komunikatu aurrez aurre, berdinen arteko taldeak ezin izan ziren sortu, musukoa kentzeko unean ere, aldaketa fisikoengatik, zailtasunak izan dituzte. Gainera, sare sozialetan sartuta daude, baina ez dakite horiek ondo erabiltzen… Ez zuten entzuten zituen norbait. Zurrunbilo batean sartu ziren. Eta ez haiek bakarrik, zurrunbilo horrek den-denak eraman gintuen.
Hori guztia pasa eta gero, nola senti daiteke orain nerabe bat?
Ia denak bezala, hutsune sentsazioarekin. Etapa bat galdu izanaren sentipenarekin. Esan dut, beldurraren kulturan sartu gaituztela, eta ezinegon hori ere badutela uste dut. Askok uste dute ez dutela aurrean izan entzun dituen inor. Guk geuk ere, helduek, zalantza asko genituelako ziurrenik, erantzun gutxi. Oraindik beren burua ezagutzeko prozesuan dira nerabeak. Eta horren guztiaren aurrean antsietatea izan dute askok, auto-lesio kasuak agertu dira haien gaineko kontrolik izan ez delako, elikadurari lotutako nahasmendu kasuak ere ugaritu dira, suizidioa… Psikiatriako unitate pediatrikoak lanez gainezka daude nerabeekin, eta lehentasunak ezartzeko ere arazoak dituzte.
Nola egin aurre horri? Nola lagundu nerabe horiek?
Haien alboan egoten, haiek entzuten. Ez zaio garrantzirik kendu behar sentitzen dutenari, ez da ‘hau pasako zaio’ esan behar; horrelako jarrerek min handiagoa egiten diete nerabeei. Senti dezatela gurasoak edo hurbilekoak alboan dituztela, elkarrekin bidea egiteko prest dituztela, kondiziorik gabeko maitasunetik egin dadila lanketa. ‘Badakit gaizki zaudela. Zure ondoan egongo naiz. Saiatuko gara konponbideren bat topatzen egoera honi’; hori esan behar zaiela uste dut.
Baina laguntza horrek adar askotakoa izan behar du, ez etxekoa bakarrik.
Gurasoak edo senitartekoak dira lehenengo heziketa eman behar dietenak seme-alabei. Familian eutsi behar zaio horri lehenik; baina familia ondo ez badago, ikastetxea ere sar daiteke horretan. Heziketa emozionala etxean landu behar da lehenik, heziketa akademikoa baino lehenago. Emozionalki ondo ez bagaude, beste guztia ez da ondo joango. Pandemiaren gaian gurasook ahal izan dugun lanik onena egin dugu, eta ez dugu gure burua horregatik epaitu behar.
Baina adi egon behar dugu etxean, erne, ea nerabearen jarreran aldaketa oso nabarmenik dagoen, auto-lesioak, suizidio zantzuak… Eta horiek ikusten baditugu, nerabearekin zuzenean hitz egin behar da, argi utziz errealitate hori badagoela, ekiditen saia daitekeela, eta suizidioa dela momentuko arazo baten aurrean betirako erantzun bat. Denon artean saiatu behar gara arazo horiei uneko konponbidea ematen.
Erantzun komunitarioa, beraz, familiakoarenaren osagarri izan daiteke.
Noski. Baina beharbada erantzun komunitario hori izan daiteke zailena. Pentsa, itxialdian poliziak bezala ibili ginen balkoitik begiratzen ea nor ateratzen zen kalera eta nor ez… Emozionalki pertsona bat zaintzeko ondo-ondokoek egon behar dute nerabearen ondoan. Auzoko okinak, edo egunero ikusten duen horrek, galde diezaioke nerabeari ez badu ondo ikusten ea zer gertatzen zaion. Baina galdera eta preokupazio hori benetako laguntza emateko izan dadila, ez uneko zerbait.
Komunitateaz ari garenean, tinko elkartzeaz ari naiz. Familia, eskola, lagunak, lantokiko kideak… Elkar zaindu behar dugu, baina benetakoa izan behar du desio horrek, ez efimeroa.
Pandemia betean izan zen esaten zuenik izurritearen ondoren pertsonak hobeak izango zirela, elkartasun aldetik begiratuta batez ere. Hala izan al da?
Ezetz uste dut, eta aldi berean uste dut hori horrela izan dadin baten batek lan egin duela. Beharbada ni naiz konspirazioen zalea, ez dakit. Beldurraren mezua areagotu dute, eta zatiketaren ideiari hauspoa eman diote. Orduan, bai, hobeak atera behar omen ginen, osasun langileei txalo eginez eta abar. Txaloak bai, baina ospitalean gera daitezela, ez daitezela nire ondora etorri… Eta dena horrela. Asko polarizatu dute gizartea, eta horren kontra borrokatu behar dugu. Hori beste erronka bat bat gizarte bezala emozionalki ez gaudenean ondo. Nire egunerokoarekin ezin dut, eta ondokoa lagundu? Borroka sozialetan sartuko naiz? Askok ezezkoa ematen diote horri.
Pandemian, adinekoen artean dagoen bakardadearen gaia azaleratu da. Baina, nerabeek ere sentitu al dute bakardade hori?
Noski. Nerabeek nerabeekin egon behar dute, berdinen taldeak sortzeko garaian daude. Talde horiek denbora askoz etenda egon dira. Ateratzen hasi ginenean, gainera, kriminalizatu ere egin genituen gazteak. Bakarrik sentitu dira asko. Eta adinkideekin edo berdinekin ez egote hori sare sozialekin ordezkatu dute. Horiekin egiten duten erabilera, gainera, oso zalantzazkoa da. Ez dakite, maiz, zertan sartzen diren. Horrek ekarri du nerabeen arteko aurrez aurreko harremanak bortitzagoak, biolentoagoak izatea. Sentsazio hori dut nik behintzat; galdu dute harremantzeko ohitura eta modua. Sare sozialetan ere mezu bortitzak sakabanatzen dituzte askok, jazarpen zantzuekin; horiek LH5 eta 6ko adinekoengan ere detektatu dira. Sare sozialak erasorako bide bezala erabiltzen dituzte hainbatek. Adin horietan eraso matxisten gorakada nabaria izan da.
Baina profesionalen laguntza onartzeko erreparoa dute nerabe askok.
Uste dut nerabeak geroz eta kontzientziatuago daudela laguntza jasotzeak onurak dituela. Hori normalizatzen ari dela uste dut, tabua hausten ari direla, psikologoarengana edo psikiatrarengana joanez. Helduek baino naturalizatuagoa dutela uste dut. Baina bai, oraindik ere osasun mentala, edo osasun mental falta estigmatizatua dago. Errepikatu nahi dut hautsi beharreko beste tabu bat dela estigmatizazioarena, eta arazo mentalei komunitatean egin behar zaiela aurre; gazteen arteko podcast geroz eta gehiago daude osasun mentalaren gainekoak, beraz, berezko dituzte laguntza jasotzeko bide horiek.
Suizidioa aipatu duzu lehen.
Kasuak nerabeetan ematen ari dira, eta gurasoetan ere bai. Ez ditut datuak eskuan, baina uste dut azken hilabeteetan gora egin dutela suizidioek nerabeen kasuan. Suizidatu den pertsona batez argi esaten badugu suizidatu egin dela, pertsona horrekiko errespetua adierazten ari gara. Pertsona hori bere alde guztiekin maite genuela esaten ari gara, eta bere izaerak eraman zuela horretara. Ez dugu errepikatzea nahi. Baina hitz egin dezagun hortaz, beste batzuk puntu horretara iritsi ez daitezen. Lehen esan dut: suizidioa behin-behineko arazo bati ematen zaion behin betiko erantzuna da. Suizidioa ez dugu ikusi behar pertsona oso ausart edo beldurtien zerbait bezala. Ikusi behar duguna da sufritzen uzteari topatu dion aukera bakarra izan dela, eta ez ditugula epaitu behar. Euren sufrimendua, eta beraien ustez ingurukoen sufrimendua bukarazteko modua dela uste izan dute. Eta hori buka dadin, suizidioren bat ekidin nahi bada, hortaz hitz egin behar da, beldurrik gabe.