[Galeria] Elegante jarri da Zaisa Txingudi errugbi taldea
Bidasoko kirol elkarteak taldeen aurkezpena egin. du Irungo Kale Nagusian duen egoitzan. Euskal ligetako taldeek asteburuan hasiko dituzte lehiak.
Talde eta taldekide guztiak aurkezteko ekitaldia egin zuen Zaisa Txingudi errugbi taldeak larunbat arratsean. Familia aurkezpena egin zuten, elegante asko gainera. Banan-banan kirol klubaren ekipo guztiak aurkeztu zituzten Irungo Kale Nagusiko 11. zenbakian kirol elkarteak duten egoitzaren parean. Iñigo Aizpurua lehendakariordeak gidatu zuen ekitaldia, DJ Asuncionen laguntzarekin.
Aurkezpenaren zati izan zen taldekako argazkia. Horretarako photocall-a zuten ezarria: zintzo arraio, eta pozik, irribarre zabalenarekin, jarri ziren partaide den-denak argazkirako. Donostiako Zinemaldiaren antzerako irudiak ikusi ahal izan ziren, beraz, Irunen larunbatean. Denak elegante. Jarraian, irudi horietako batzuk kirol elkarteak HITZAri emandako argazkiei esker:
Ligak, hastear
Ekitaldia baino lehentxeago jakin zuten klubeko ordezkariek euren taldeetako hainbaten egutegia zein izango den, euskal ligetan ariko diren taldeena zehazki. Horiek datorren asteburuan hasiko dira lehian.
Gizonen seniorren taldeari dagokionez, Plaiaundik jasoko dute Iruña taldea Ohorezko Euskal B Mailako partidan. 16 urtez azpiko neska-mutilek ere etxean jokatuko dute kasu horretan Durangoko taldeen kontra euren mailako B multzoan. 18 urtez azpikoen taldeak, berriz, Errioxara egingo du bidaia Rioja izango dutelako Logroñon zain; azken atala honetan akordioa egin du Bidasoko klubak Uribealdea talde bizkaitarrarekin, kategoria horretan talde bakarra osatzeko.
Touch, 14 urtez azpikoen, eta eskolako taldeen egutegiak oraindik ez daude zehaztuta.