[Bideoa eta galeria] Ongi etorriak Veronica Urkiola Lekuona plazara
Gaur goizean inauguratu dute herriko emakumearen izena duen plaza, Mendelu auzoan.
Urte eta erdian, Hondarribiak herriko emakumeak aintzatesten dituzten zazpi eremu berri ditu. Emeki Elkartearen ekimenez, eta udalaren babesarekin, herriko zazpi plazak emakumeen izena dute, Hondarribiko emakumeak ikusarazten proiektuari esker. Gaur egin dute zazpigarrenaren izendatze ekitaldia, Mendelu auzoan: Veronica Urkiola Lekuona plaza du herriak. Ongi etorriak den-denak hara. Goiz handia izan dute auzoan.
Izendapenaren aurretik, Kote Guevarak gidatutako bisita egin dute hala nahi izan dutenek auzoaren iragana eta oraina ezagutzeko. Aterkiak beharrezkoak izan dira, aspaldiko partez. Behin auzoko bidaia komentatua bukatuta, plazara joan eta ekitaldiari ekin diote. Lehenik, Agurra egin dute (bideoan). Ondoren, hizketaldiak. Bukatzeko, Mendeluko auzo elkartearen lokalera joan dira denak han paratuta dagoen argazki zaharren erakusketa ikuskatzera.
Solasean hasi den lehena Txomin Sagarzazu alkatea izan da. Testuinguruan jarri du gaurko ekitaldia. Azaldu du gaurko plazaren izendatzeak, zein beste guztiek, ardatz bat dutela: “Gure herriko historian, kale izendegian emakumeei egin ez zaien lekua ez kolpe batean betetzea, poliki-poliki baizik. Oraindik ere emakumeen izenen presentzia hori handitzeko asmoa dugu”. Zentzu horretan Emeki elkarteak egindako lanketa eskertu du, eta udalarekin irekitako elkarlanaren berri eman du. Baina goretsi du kale izendegian emakumeek espazioa izateko egin den lanketan Emekik tokian tokiko eragileekin elkarlana bilatu duela, adostasun bideak urratzeko. “Horrek erakutsi digu hemendik aurrera nola jokatu. Eskerrak eman nahi dizkizuet lan honetan aritu zaretenei, eta prozesu guztian lankide izan zareten guztiei”, esan du alkateak.
Hitza hartzen hurrena Tamara Sastre izan da, Emekiko presidentea. Zehaztu du gaurko plazaren inaugurazioarekin duela hiru urte elkarteak abiarazitako Hondarribiko emakumeak ikusarazten proiektuaren lehen fasearekin bukatu dutela. “Lehen faseari soilik emango zaio bukaera, gaurkoa ez delako proiektu baten itxiera, hasiera baizik”. Herriko eragileekin sortutako elkarlan ildoak garrantzitsutzat eman du Sastrek, eta zehaztu du Hondarribiko bost emakume “bikain” eta sare konpontzaileen kolektiboak merezitako aitortza dutela herrian horregatik. Gainera, Martxoak 8 plazaren izendapenean azpimarra jarri du: “Plaza horren izendapenarekin mundu osoan egunero emakumeon eskubideen alde borrokatzen duten mugimendu feministei gure babesa adierazi diegu”.
Aurrera begira, Emekiren ordezkariak adierazi du espero dutela udalarekin batera hasitako bideari eustea, “eta kale edo plaza berriak izendatzen direnean gizon zein emakumeen izenak kontuan hartzea. Elkartetik lanean jarraituko dugu emakumeok, emakume izate hutsagatik, baztertuak izan ez gaitezen”.
Veronica Urkiola Lekuona
Gaurko protagonista, denaren gainetik, Veronica Urkiola Lekuona izan da. 1914ko urtarrilaren 12an jaio zen Gabiriako Aunditegi, eta 1993ko ekainaren 15ean hil zen. Zazpi anai-arrebetan zaharrena izan zen, eta gazte-gaztetatik Donostiako hainbat etxetan aritu zen zerbitzari lanean. Han ezagutu zuen Felipe Arratibel Munduate, gerora senar izango zena; hura ataundarra zen, okina ogibidez.
1936ko Gerra bukatzean, Hondarribiria etorri ziren bizitzea Urkiola eta Arratibel Iritsi eta gutxira, Mendeluko Albisu okindegia alokairuan hartu zuten, Ugarte etxean zegoena. Auzoko tokirik jendetsuenetakoa bilakatu zen hira. 1957an, Zubieta etorbideko eraikin batera lekualdatu zuten negozioa, eta gaur egun ere bertan da okindegia.
Oso pertsona ezagun eta maitatua izan zen Urkiola Mendelun, bai eguneroko lanagatik, bai eta bere izaera on eta prestutasunagatik. Kote Guevara Udal Liburutegiko liburuzain eta gaurko bisita gidatuaren arduradunak adierazi duenez, Urkiola oso emakume “xumea” zen, “bizirik balego, ez luke ulertuko zergatik egiten garen gaurko hau”. Garai latzak pasa izan zituela jakinarazi du Guevarak, 1936ko gerraondoaren ondorioz beste askok bezala.
Plazak
Gaurkoaz gaindi, azken urte eta erdian Hondarribiko beste sei plazari emakume izenekin edo emakumeekin harremana duen arloekin plazak inauguratu dituzte. Honakoa da haien zerrenda:
- 2021eko martxoan, Martxoak 8 plaza.
- 2021eko San Pedro egunean, Sare Konpontzaileen plaza.
- 2021eko urriaren 9an, Anttoni Etxeberria Mendizabal plaza.
- 2022ko ekainaren 18an, bi plaza: Petra Laborda Zuzuarregi plaza, eta Agustina Genua Saralegi plaza.
- 2022ko uztailaren 22an, Bienvenida Emazabel Susperregi plaza.
- 2022eko irailaren 24an, Veronica Urkiona Lekuona plaza.