[Erreportajea] Publikoa, %50 merkeago
Hilaren 1etik urte bukaerara bitarte erdi-prezioan bidaia daiteke Mugi sistemari atxikiriko zerbitzuetan. Familien egoera ekonomikoa «arintzea» eta garraio publikoa sustatzea ditu helburu neurriak.
Iraila hastearekin batera sartu zen indarrean garraio publikoaren prezioa %50ean merkatu duen neurria, eta urtea bukatu bitarte luzatuko da. Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak, harturiko erabakiaren berri eman zuenean, azaldu zuen helburu bi dituela prezioen jaitsiera horrek: «Familien egoera ekonomikoa arintzea», eta herritarrek garraio publikoa gehiago erabiltzea.
Energiaren eta erregaien prezioek izandako gorakada orekatzeko saiakera da. Espainiako Gobernuak %30eko murrizketa aplikatzea ebatzi zuen, eta kopurua %20 handitzea erabaki zuten, horren gainean, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek; Nafarroako Foru Gobernuak, aldiz, deskontua bere horretan (%30) mantentzeko erabakia hartu zuen.
Beherapen gehigarri horren kostuak beregain hartu ditu EAEko gobernuak, iritzita neurriak inflazioaren ondorioz prezioen igoera jasaten ari diren familia askoren karga ekonomikoa arin zezakeela. Horrez gain, erabakia garraio publikoa sustatzeko eta ibilgailu pribatuak alde batera uzteko pizgarri ere izan daitekeela argudiatu zuten, CO2 emisioak murriztu eta alderdi ekologikoa zaintzearekin batera.
Abenduaren 31ra arte egongo da indarrean laguntza. Ordura arteko hamalau aste hauetan, Gipuzkoan, dBus, Lurraldebus eta Euskotrenen abonuek erdia balioko dute. Neurriak, jakina, proportzio berean eragingo dio Oarso-Bidasoko garraio publikoari, baita bertako udalerrietako garraiobideen tarifa urbanoei ere. Esate baterako, Oiartzungo Xorrola herri barruko autobusak erdia balio du irailetik, eta berdina gertatu da Errenteria-Oreretako autobus urbanoetako tarifekin nahiz Irunbuseko autobus, taxibus eta landa-autobusekin ere.
Beherapena baliatzeko, erabiltzaileek ez dute tramiterik egin beharko; hobaria automatikoki kudeatuko da Mugi ordainketa-euskarriaren bidez. Txartel hori ez dutenek, ordea, ezingo dute, beraz, beherapena probestu.
Renferen kasuan, aldiriko trenetan eta distantzia ertainekoetan aplikatuko da neurria, baina zerbitzua doakoa izateko, gutxienez hamasei bidaia egin beharko ditu erabiltzaileak urtea bukatu bitarte, eta aurretik fidantza bat ordaindu beharko du: 10 eurokoa aldirikoetan, eta 20 eurokoa distantzia ertainekoetan. Bidaia kopuru hori egindakoan, aurreratutako dirua itzuliko du Renfek.
Horretarako, trenbide eragile publikoaren webgunean edo Renferen aplikazioaren bitartez egin beharko da fidantza bueltatzeko eskaera.
Tarifa proportzionalak
Deskontuak proportzionalki aplikatuko dira, egindako bidaia kopuruaren arabera, hainbat neurritan: hilabete batean gehienez hogei bidaia egiten dituztenek, %48ko deskontu orokorraz gain, %4 bitarteko beherapen gehigarria izango dute. Hortik gora, deskontua metatzen joango da.
Esate baterako, autobusean 21 eta 50 bidaia bitarte egiten dituztenek %58tik %79ra bitarteko deskontua probestu ahalko dute. 51 bidaiatik gora egiten dituzten horiek jasoko dute hobari handiena: %90 eta %95 bitarteko beherapena egingo zaie, automatikoki, txartelaren bidez. Bidaia bakoitzagatik 0,09 euro ordaintzera hel daitezke erabiltzaile errepikakorrenak.
Adibide bat jartzeko, Iker Etxebarria Ibarrola pasaitarrak egunero, astelehenetik ostiralera, hartzen du autobusa lantokira (Pasai Antxotik Donostiako Gipuzkoa plazara). Kalkulatu du, deskontua indarrean sartu aurretik, 39 euro inguru gastatzen zituela hilabetean joan-etorri horiekin. Hil hasieran konturatu zen automatikoki %50 merkatu zizkiotela bidaiak. «Txartela pasa ondoren, makina begiratu eta ikusi nuen 48 zentimo kobratu zizkidatela», poztu da.
Aipatu duen unean ez zituen, oraindik, hogei bidaia baino gehiago egin, baina langa hori gainditzen duenean 0,39 eurora murriztuko da bere ordainketa. Beraz, hilabetean ia 40 euro ordaintzetik 20 euro baino gutxiago ordaintzera pasako da Etxebarria.
Pasaiako motoraren prezioa, gora
Garraio publikoaren prezioak behin-behinean merkatu izanaren testuinguruan, Pasaiako EH Bilduk salaketa bat egin zuen joan den astean, San Pedro eta Donibane arteko motora zerbitzuari ez zaiolako inolako deskonturik aplikatu. Izan ere, alderdiak aspaldi errepikatu izan duen eskaera bada ere, garraiobide hori ez dago Mugi sisteman txertatuta, eta beraz, ez da horren prezioan murrizketarik egon. Guztiz kontrakoa: azken hilabetean 20 zentimo garestitu da bidaia bakoitzaren prezioa, 1,10 eurokoa delarik, orain, kostua.
Itxaszerbi da zerbitzua eskaintzeko ardura duen enpresa. Bertako zuzendaritzatik berretsi dute hilabete batzuk direla foru aldundiarekin «negoziatzen eta hitz egiten» ari direla garraio publikoaren sistema eurenean ere aplikatzeko, baina, eta aurrerapausoak ematen ari badira ere, oraindik «oso airean» dagoela dena.
Prezioaren igoerari dagokionez, ezinbestean hartu beharreko neurria izan dela aitortu dute, erregaiaren prezioaren igoeragatik ez ezik, azken aldian metatu zaizkien beste faktore batzuek ere behartuta; besteak beste, pantalanen berritzeagatik tasa altuagoak ere ezarri dizkietelako haiei.
EH Bilduko kideek esan dute motora Mugin atxikitzeko tramiteak gauzatu bitartean «bestelako deskontuak» beregain hartu beharko lituzketela inplikaturiko aginte organoek: Pasaiako Udalak, Pasaiako Portu Agintaritzak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hiruak ala hiruak PSE-EEk eta EAJk kudeaturiko administrazio publikoak dira.