Iraso eta Luis Mariano zentro sozialetara iritsiko da dinamizazio zerbitzua
Adinekoen zentro sozialetan zerbitzua indartzeko kontratu berria sinatu du udalak. Aurrerantzean, arratsaldez eskainiko dute zerbitzua.
Aurrerantzean Irungo adinekoen zentro sozialetan dinamizazio zerbitzua indartuko dute. Izan ere, udaleko Gizarte Ongizateko sailak kontratu berria sinatu du, eta berehalakoan sartuko da indarrean. Zerbitzu horrek hainbat lan barnebiltzen ditu, horien artean daudelarik adinekoen jarduerak garatzea; aisialdi aktiboko guneak erraztea; gaitasun kognitibo, sozial eta afektiboak zaintzeko programak sustatzea; edo gizarte harremanak zaindu eta berreskuratzeko jarduerak proposatzea, beste askoren artean.
Zerbitzua Txiribuelta elkarteari esleitu dio udalak, eta bi urtetakoa izango da kontratuaren iraupena. Orotara, 625.467,36 euro bideratuko dituzte zerbitzua indartzera.
Gaurtik aurrera, beraz, Luis Mariano zein Irasoko zentro sozialek dinamizazio zerbitzua eskainiko dute, hurrengo ordutegietan:
- Irason: astelehen, asteazken eta ostiraletan; arratsaldeko 16:000etatik 18:00etara.
- Luis Marianon: astearte, ostegun eta larunbatetan; 16:00etatik 18:00etara.
David Nuño Gizarte Ongizateko zinegotziak adierazi duenez, aipatu zerbitzua arloko onenetarikoa da, eta horregatik erabaki dute hiriko zortzi zentroetako bitara zabaltzea. Etorkizunean, asmoa adineko guztiek zerbitzua jasotzeko aukera izatea da.