Dantza, Girabiraren hirugarren saioko protagonista
Eguraldi txarrarengatik, Eguzkitza ikastetxeko jolastokian egingo dituzte tailerra eta kontzertua. Azken saioa urriaren 9an egingo dute.
Datorren igandean, hilaren 25ean, Girabiraren hirugarren eta azken aurreko ekimena ospatuko dute. Eguraldi txarra iragarri dutenez, Gain gaineko parkean egingo dute, Eguzkitza ikastetxearen jolastokian. Oztopo guztien gainetik, hirugarren saio honen gai nagusia dantza izango da.
Irungo Udalak jakinarazi duenez, agertokia aldatu dutenez, egitaraua moldatu eta murriztu behar izan dute. Hori dela eta, honakoa izango da eskaintza kulturala:
Goizeko 11:30ean, Lindy Hop tailerra
Ordubetez, Elena Holabek Lindy Hop dantza irakasteko saioa eskainiko du. Dantza mota honek XX. mendeko lehen hamarkadetan du erroa, Charlestone eta jazzaren eraginetik jaio baitzen 1920. hamarkadan. Ospea eta hedapen handiena 1930. eta 1940. hamarkadan izan zuen inprobisazioa oinarri duen kale-dantza mota honek.
Eguerdiko 12:30ean, The Old Schoolen kontzertua
Lindy Hopeko Swing Cuartet laukoteak errepertorio zabala eskainiko du. Tartean, ikusleak Boggie Wooggiea eta Rock&Rollaren doinuekin mugiaraziko dituzte.
Girabira udalak urtero hiriko parkeetan familia artean kultura sustatzeko martxan jartzen duen egitasmoa da. Aurtengo edizioak lau saio izango ditu, eta azkena urriaren 9an ospatuko dute, Mendibil parkean. Orduan, gai nagusia txikimusika izango da.