Talaia ikastetxeko egoerak hautsak harrotu ditu
Hilaren 19an gobernu taldea ordezkaritza sindikalarekin bilduko da eta hilak 21ean Talaia Eskolako ikaslego eta Guraso Elkartearekin.
Atzoko egunez, Talaia eskolako Biteri eta Bordari eraikinetako jolastokiek gelen funtzioa bete zuten. Eskoletan zikinkeria pilatzen ari da eta irakasleek ez ohiko neurriak hartu behar izan dituzte.
Irudi horiek ikusi behar izatearen errua ISS enpresarena dela azaldu du ELA sindikatuak, enpresaren “fede txarra”-ren ondorioa, zehazki. Enpresa “nahita ari da denbora pasatzen uzten kontratua ez galtze aldera. Jakin badaki udala ere konplize duela”. Zentzu horretan, udalak azpikontratari, inolako presiorik egin ez izanaz kexatu da.
Udala, ordea, ez dator bat sindikatuak helarazi duen iritziarekin eta irudiak ikusita abuztuan egindako adierazpenak berretsi ditu. Garbitzaileek duten eskubidea errespetatzen dutela jakinarazi nahi izan dute, baina aldi berean, derrigorrezko heziketa garaian segurtasun higiene baldintzetan heziketa jasotzeko eskubidearekin “bateratu” egin behar dela. Zentzu horretan, garbiketa zerbitzuari ematen dieten garrantzia azpimarratu nahi izan dute, 2021eako abenduan sinatu zuten kontratua aurreko urtekoaren bikoitza izan zela nabarmenduz (1.200.000 eurokoa).
Gobernu taldeak hainbat kexa jaso ditu negoziaketak bultzatu ez izanagatik eta horren aurrean, akordioa enpresaren eta langileen artean adostu behar dela gogorarazi nahi izan du “legean jasota dagoen bezala”.
Hala ere, udaletik familiek eta irakasleek duten kezka “ulertzen” duela azaldu dute eta abuztuan egin zuten bezala, datorren asteazkenean, hilaren 21ean Talaia Eskolako ikaslego eta Guraso Elkartearekin bilduko dira.
Bestalde, aste honetan ELA sindikatuari “erantzukizuna” eta “egiari hutsik ez egitea” eskatu dio, enpresak egindako proposamenen harira egindako adierazpenengatik: “alor ekonomikoan urtero %0,75 edo %1 eskaintzen dute eta hori ez da egia”. Hontaz eta beste zenbait gauzetaz mintzatuko dira datorren astean (hilaren 19an) finkatu duten bileran.