[Erreportajea] Fakturazioa egiteko modu berria
Txikizkako saltzaileen eta ogasunaren arteko harremana estutuko du TicketBAI sistema berriak. Hainbat onura izan ditzakeen arren, merkatari txikiak kezkatu ditu eskatzen duen inbertsioak.
TicketBAI proiektua euskal foru-ogasunek iruzurrak ekiditeko garatu duten sistema digitala da, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan. Hori horrela, aurrerantzean derrigorrezkoa izango da TicketBAI sistema ezartzea, era mailakatuan, jarduera ekonomiko bat duten eta zerga egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) duten enpresa eta langile autonomo guztientzat.
Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) gomendatuta eta Bruselak aginduta, Espainiako Estatuan 2016an hasi ziren iruzur fiskala kontrolatu eta ekiditeko sistemak garatzen. EAEn, foru eskubideak medio, aparteko sistema aplikatuko da. Bizkaian bi urtez atzeratzea erabaki zuten iaz; Araba eta Gipuzkoan aurten emango dituzte lehen urratsak.
Epeei dagokienean, iaz hautazkoa izan bazen ere; aurten eta datorren urtearen artean txikizkako salmenta duten autonomo eta ETEak [Enpresa Txiki eta Ertainak] sistema horren agente aktibo bihurtuko dira. Esaterako, uztailaren 1a izan zen aholkularitza enpresen epe-muga; hilaren 1ean lanbide autonomoetako langileak sartu ziren; eta ostalariek azaroaren 1ean ezarri beharko dute sistema, beranduenez, txikizkako merkatarien antzera. Mailakako integrazioak jarraituko du 2023. urtean zehar: apirilean elektrizitate, eraikuntza, garraio edota ile-apaindegien sektoreak sartuko dira. Ekaina izango da sistema ezartzeko azken hilabetea. Orduan artisten, hezkuntzen edota komunikabideen txanda izango da.
Epeak edo arauak bete ezean, isun ekonomikoak erabaki dituzte dagoeneko: faktura edo tiket bat ez aitortzekotan, 2.000 euroko multa jasoko dute enpresek edo autonomoek; noiznahi TicketBAIren araudia (epeak barne) ez betetzeagatik, enpresaren fakturazioaren % 20a, 20.000 euro izango direlarik zenbatekoaren gutxienekoa; araudia behin baino gehiagotan ez betetzekotan, fakturazioaren % 30a, 30.000 eurotik abiatuta. Bukatzeko, eragile ekonomikoek softwarea inoiz manipulatu ezkero, fakturazioaren % 40a ordaindu beharko dute, 40.000 eurotik abiatuta. Errepikatzekotan, % 30a, 60.000 euro izanik gutxienekoa. Argia da, ordea, hainbat auzi ezkutatzen dituela sistema honen ezarpenak.
Helburua iruzur fiskalari aurre egitea izanik, aurrerantzean jarduera ekonomikoa duten enpresentzat errazagoa izango da norberak fakturatutakoaren kontabilitatea eramatea: enpresek saldutako produktua fakturazio sisteman sartu beharko dute, eta produktua saski batean salduz gero, pisua neurtu eta fakturari gehitu. Horrez gain, saltzaileak tiketak jaulkitzeaz arduratu beharko dira. Bestetik, orain artean fakturak zuzentzeko eta deuseztatzeko egon diren bideek indarrean jarraituko dute. Ondorioz, fakturazio sisteman jaulkitutako tiket eta faktura guztien zenbateko osoa ageriko zaie saltzaileei.
Mikel Larrañaga Errenteria-Oreretako Salsamendi Gestoria eta Aholkularitza enpresako kideak iruzur-fiskalari aurre egiteko TicketBAI zertan oinarritzen den argitu du: «Zerga betebeharrak kunplitzen ez dituzten zergadunek, betetzen dituztenen aldean onurak izan ditzaketela ekiditeko balio du. Nola? Saltzaileek kontsumitzaileek erosten duten hori egiazta dezaketelako ogasunean aitortu dela, uneoro eta berehalakoan».
Epe ertainera begira bada ere, errenta aitorpenari dagokionean, saltzaileei betebehar formalak gutxitzea eta zerga betebeharren kostuak murriztea lortu nahi da sistema digitalaren bidez. Foru ogasunek LiburuBAI sistema iragarri dute: saltzaileen fakturazioaz gain, gastuak ere barnebilduko dituena. Aipatu eredua ezartzean, Larrañagak agente ekonomikoek edukiko dituzten onurak aipatu ditu: «Langile autonomo, ETE nahiz enpresa handiek haien BEZaren likidazio proposamenak jasoko dituzte. Horrela, enpresen eta ogasunaren arteko harremana automatizatuta, BEZaren itzulketaren epea murriztuko dela aurreikusi daiteke».
Digitalizazioak dakartzan gastuak
Gaur egun, ordea, sistema digitalaren hedapenak eta uniformizazioak kostu ekonomiko nabariak ditu. Denda eta ostatu ugarik ez dute sistema informatikorik edo ordenagailurik erabiltzen; gainera, software sistema propioa eskatzen du fakturazio sistema berriak. EAEko foru ogasunen aplikazioa doakoa da; baina ez da gomendagarria, Larrañagaren iritziz: «Ez da egokitzen faktura sinpleen eredura. Ondorioz, faktura edo tiket bat egiteko 2-3 minutu behar izaten ditu saltzaileak bezeroko». Hala, software pribatuak erostea izan ohi da irtenbidea: «Urtero, ehunka euro balio dute». Gipuzkoako Foru Aldundiak erabilgarri dauden softwareen zerrenda argitaratu du, sektoreka eta hizkuntzaka, baina kostuaren auziak du garrantzia handiena. Pasai Antxoko Decoro dendako arduradun Koro Zubiriak argi dio: «Gastu erantsi bat da, Zara edo Carrefourrek aplikatu beharko ez duten bitartean. Saltoki txikiak gara aldaketa guztietara egokitu behar garenak».
Aholkularia eta saltzailea, biak ala biak bat datoz TicketBAIren hedapenak izan ditzakeen ondorio batzuekin. Fakturak eskuz egin ohi dituzten merkatari, ostalari eta beste hainbat autonomok zailtasunak izango dituzte ordenagailua eta softwarea erosi zein sistema mantentzeko. Horrez gain, aurreikusgarria da erretiratzear dauden langileek egokitzeko astirik ez, eta establezimenduak itxi behar izatea. Zubiriak kezkaz bizi du saltoki txikiek bizi duten egoera: «Aurretik fakturatzeko eredua edozein zela ere, orain saltzaile guztiak egokitu beharko gara TicketBAI-ra, eta batzuei gehiago kostako zaie».
Kostu horiei guztiei aurre egiteko, erakunde publikoetatik diru laguntza desberdinak ari dira sustatzen. Maiatzean dagoeneko TicketBAI sistema ezarri zuten enpresek 1.000 euro jasotzeko aukera izan zuten, baita beste 200 fakturak euskaraz aurkeztu zituztenek ere. Dena den, deialdi horretan hainbat baldintza bete behar izan zituzten eskualdeko enpresa eta langile autonomoek: 2022ko urtarrilaren 1a baino lehen JEZko epigrafeetan altan emanda egotea; aurreko 15 egunetan TicketBAI sistemaren bitartez 15 faktura aurkeztea edota 2021eko deialdiko diru laguntzen onuradun ez izatea, esaterako.
Aldundiak iaz aurreratu zuenaren arabera, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) eta Sozietateen gaineko Zergan TicketBAI ezartzeko inbertsioa egin duten agente ekonomikoek 5.000 euro arteko diru-laguntza eskaini ditu, gastuen % 60ko hobaria izango litzatekeena, alegia. Hala eta guztiz ere, berrikuntza teknologikoak eskatuko duen kostu ekonomikoa argia da: «Txikizkako saltzaileek inbertsioa egin dute, edo egin beharko dute».
Formazio falta
Sistemaren berezitasunak eta berritasunak aintzat hartuta, foru-aldundiak hainbat formakuntza saio eskaini ditu tokian-tokian; digitalizazioari eta erabilerari buruzkoak. Erabiltzaileek hori eskertu badute ere, haien kabuz moldatu behar izan duten unean arazoak izan dituzte. Pasai Donibaneko RK Aholkularitzako Maria Badiola: «Hilabetean zehar oso faktura gutxi egiten dituzten bezeroak ditugu, hil osoan pare bat egiten dituztenak. Aholkulariak izanik, horiek guk fakturatzen ditugu, eta berria den lan hori gure gain erortzen da. Oraingoz, ez da oso lan argia, eta onura ogasunarentzat da».
Urtebete daramate Decoro dendan ordenagailuekin eta dagozkion fakturazio programekin lanean. Baina, Zubiriaren arabera, ez da beti samurra izaten: «Beste programa baten bila nabil, orain arte erabili dudanak arazo batzuk ematen baitizkit. Esaterako, zentimoak ez dizkit ondo erregistratzen. Behin baino gehiagotan, hamar euroko produktu bat saldu dudanean, 9,99 euro fakturatu ditudala iristen zaio ogasunari. Zentimo hori nik galtzen dut». Programaren hedapena oso azkar jarri dela indarrean iritzi dio dendariak, baita programatzaileei beraiei denbora falta izan zaiela ganoraz programatzeko.
Salsamendi Aholkularitzako kideak hainbat salbuespen onartu dituztela azaldu du, formakuntzak eragin ditzakeen zailtasunen harirakoak: «TicketBAI sistema ez dute ezarri beharko 60 baino gehiago dituztenek, baldin eta ez badute inor kontratupean lanean, eta kolegiatuak ez badira. Oso kolektibo txikia da, dena den».
Hizkuntza arrakala
Gipuzkoako Foru Aldundiak fakturazio digitalerako 850 software baino gehiago ditu aitortuta. Bada, orotara ez dira 170 faktura edota tiketak euskaraz egiteko aukera eskaintzen dutenak.
Jada duela urtebete baino gehiago, Oiartzun nahiz Lezoko udalek eskatu zuten TicketBAI sisteman euskarazko aldaera ezartzea. Eskaera, artean, establezimenduei egin zieten, baina mugak agerikoak dira. Foru aldundiaren programak aukera hori eskaintzen du, baina aipatu arrazoiengatik ez da gomendagarria: faktura sinpleak egiteko aukera ez eskaintzeagatik, alegia.
Sistema pribatuen artean, ordea, tamainakoa da arrakala. Horrek, azken finean, euskararen egoera betikotzen jarraitzen du. Software pribatuak sektore jakinen arabera diseinatzen direla aintzat hartuz gero, are eta saltzaile gutxiagok erabiliko dituzte euskarazko fakturazio sistemak.
Foru ogasunek fakturazio sinplifikatuko programak diseinatzea izan daiteke hizkuntza arrakala murrizteko hurrengo urratsa, beraz.