Ostiralean hasiko da Mugikortasunaren Europako Astea
Hondarribiko Udalak Europako Mugikortasunaren Astearekin bat egingo du eta beste behin, zazpi egunetako egitaraua prestatu du.
Ostiral honetan hasiko da Mugikortasunaren Europako Astea, “Konbinatu eta mugitu!” lelopean, eta beste behin Hondarribiko Udalak ekimenarekin bat egingo du. Gaur goizean datozen egunetan egingo diren jarduerak aurkeztu dituzte Juan Luis Silanes zinegotziak, Manu Eizagirre Balaztako kideak eta Anais Mitxelena Aranzadiko kideak.
16an hasi eta 22ra bitarte iraungo du Mugikortasunaren Asteak eta hainbat ekintza antolatu dituzte Balazta elkartearekin batera. Bizikletan parte hartzeko ekintzez gain, bestelako ekintzak ere egongo dira, hala nola, ‘Jaizkibelgo landareak Talaia bidea jarraituz’ liburua aurkezteko ibilaldia.
Egitaraua
Ostirala 16:
- ‘Bizikleta eta osasuna hitzaldia’. Kepa Lizarragak hitzaldi bat eskainiko du. bizikletak ekar ditzaken onuren inguruan mintzatuko da, bai eta bizikletaren paperaren inguruko hausnarketa egin ere. 19:00etan Hondarribiko Kultur Etxean.
Larunbata 17
- Bizikleta festa. San Pedro kalean 10:30etik aurrera izango da. Bizikleta ardatz izango dute Balazta elkarteak antolaturiko ekimenek. Hori dela-eta, nork bere bizikleta eramateko deialdia egin dute. Festaren ondoren, erabiltzen ez diren bizikletak jasoko dituzte, edozein bizikletak balio duela azaldu du Manu Eizagirrek “berdin du nola dauden”. Irunen kokaturik duten tailer kolaboratiboan dena aprobetxatzen baitute, piezak ere bai.
Igandea 18
- Bizikleta martxa. 10:30ean abiatuko da bizikleta martxa Gernikako Arbola plazatik. Ibilbidea betikoa izango da: Kostako errepidetik Amute eta Mendelu igaro eta Zubimuxun elkartuko dira irungo taldearekin. Elkarrekin Letxunborro hiribidea egin eta berriro eta Hondarribira itzuliko dira. Alamedan amaituko dute ibilbidea. Martxaren ondoren Balazta elkarteak bizikleta zaharrak jasoko ditu.
- Village Vélo ekitaldia. Kasino Zaharren lorategian patzuergoak antolatutako Village Vélo ekitaldia egongo da, 11:30-14:30era.
Astelehena 19
- Talaia bidea jarraituz ibilaldia. Jaizkibelgo natur ondarea ezagutzeko eta landareekiko errespetua bultzatzeko ibilaldia da. Gehienez 25 pertsonentzako lekua egongo da eta aldez aurretik izena eman beharko da Aranzadiren webgunean. Ibilaldia ‘Jaizkibelgo landareak Talaia bidea jarraituz’ liburua aurkezteko baliatuko dute. Anais Mitxelena Aranzadiko kideak azaldu duenez formatu “txikia” duen eta “xinplea” den liburuxka da, FEDER diru laguntzarekin eta Aranzadirekin batera osatu dena. Bertan, Talaia bidean zehar ageri diren 30 landare, zuhaitz, zuhaixka eta liana landu dituzte. Liburuaren xedea Jaizkibelgo itsaslabarrak “paisai polit bat baina gehiago izan badela” erakustea da. 16:00etan egitekoa zen ibilaldia 17:00etara atzeratu dute.
Asteartea 20
- Nagusikleta. Zaharren egoitzetako kideak bizikletan ibiltzeko aukera izango dute. Eizagirrek Donostiko Bizikletaz Adinik Ez elkarteari eskerrak eman nahi izan dizkio trizikloak uzteagatik.
Asteazkena 21
- Mugikortasun mahaia. Juan Luis Silanes zinegotziak mugikortasun mahaia deituko dutela azaldu du. Asteazkenean 18:30ean izango da.
Osteguna 22
- Bizibusa. Kotxerik gabeko egunarekin bat egin eta bizibusaren beste deialdi bat egingo da Maiatzaren 3an eta ekainaren 1ean egin ziren bezala, dinamika honi jarraipena emango diote. Guraso elkartearen eta Balaztaren laguntzarekin. Talaia Bordari ikastetxeko haurrak, elkarrekin eta bizikletaz, eskolara joateko dinamika.