"Festa handiak izan dira zentzu askotan"
Hondarribiko Udalak Jaien balantze positiboa egin du. Hilaren 8a errespetuz garatu zela eta orain artean, eraso sexistaren ezagutzarik ez dagoela azaldu du alkateak.
Hilaren 11ean, igandearekin amaitu ziren Hondarribiko Jai Nagusiak eta denborarik galdu gabe, Txomin Sagarzazu alkateak bere poztasuna erakutsi nahi izan du. Haren ustez, festa “handiak” izan dira zentzu askotan: “oso esperotakoak eta oso indartsu etorri direnak”.
Jaien bitartean egitekoak ziren jarduera guztiak “normaltasunez” eta “jende askorekin” gauzatu zirela nabarmendu nahi izan du, eta udaltzaingorik jaso dutenaren arabera ez da nabarmendu beharreko gorabeherarik izan. Hala ere, hilaren 10ean lau ziztada kasu “posible”-ren berri izan zuten. Ondoren, protokoloa aktibatu eta gero, “baztertuta” geratu zirela azaldu du Sagarzazuk. Beraz, Hondarribia Eremu Segurua kanpaina arrakastatsua izan dela iritzi eta orain artean eraso sexistaren ezagutzarik izan ez dela gehitu nahi izan du.
Hilaren 8a
Egun handia amaitu ondoren, herritarrengan geratu zen sentsazio orokorra “pozik egoteko modukoa” izan zela uste du eta errespetua gailendu zen haren iritziz. Hori dela-eta bizikidetza hobetzeko lan egin duten pertsona eta elkarte guztiei eskerrak eman dizkie.