[Erreportajea] Boleibolak leku berri bat izango du Hondarribian
Harresi Bolei Kluba Hondarribian eratu berri den kluba da. Irun eta Hondarribiko 30 bat gurasok sortu dute beren seme-alabek eskualdean boleibolera jolasten jarraitzeko aukera izan dezaten.
Boleibola Bidasoko eskualdean nahiko ezezaguna den kirola da. Orain arte, ez zen kirol hau kudeatzen zuen klub edo talderik existitzen. Hala ere, azken urteetan boleibolak gorakada izan du, asko izan baitira eskola kirolaren barnean aritzeko aukera baliatu duten gazteak.
Eskola kirola 6 urtetik 16ra bitarteko ikasleei zuzenduriko programa da eta beraz, adin horretara iristean nerabeek (Bidasoan) ez zuten kirolean jarraitzeko aukerarik. Egoera honekin topo egin zuten Harresi Bolei Kluba sortu duten Irun eta Hondarribiko 30 bat gurasok. Horien artean dira Maite Eizmendi eta Juan Astiazaran. Beren alabek boleibolera jolasten zuten eta eskola kirola bukatzean jarraitzeko aukerarik ez zutelaz ohartu ziren. «Hiru aukera genituen, Donostiara joan eta bertako klub batean izena eman [gertuko bolei eskola Donostian dago], eskualdeko klub batek bolei sekzioa sortzea edo gure klub propioa eratzea. Eta horretan gaude» azaldu du Astiazaranek. «Jose Luis Moltók eta Paula Perezek, eskola kiroleko entrenatzaileek, azken urteetako arrakasta ikusiaz klub bat sortzea aukera polita izan zitekeela ikusi zuten» gehitu du Eizmendik.
Udan eratu zen Harresi Bolei Kluba eta une honetan ofizialki erregistratzeko azken zereginetan daude. Harresi Bolei Klubaren asmoa eskualde osora zabaltzea eta guztiontzako kluba izatea da, 16 urtetik gorako gazteek entrenatzen eta lehiatzen jarrai dezaten bermatzeko toki bat eskainiz.
Intentzioa beraz, jokalariak lortzea eta Gipuzkoa mailan federatu gisa aritzea da. Kluba osatu dutenen artean soinketako irakasleak daude beraz, haiek izango dira ikasleei klubaren berri eman eta bertara sartzeko aukera eskainiko dietenak. Dagozkien taldeak egiteko eta gainerako antolaketa guztia egiteko inskripzioen zain dira.
Eizmendi eta Astiazaran boleibolaren munduan berriak badira ere, gazteentzako aukera paregabea eta onuragarria izan daitekeela uste dute. «Talde kirolak gaztetxoentzako oso onak dira. Lagunekin taldea egin eta sortzen den harreman hori oso positiboa izan daiteke. Boleibolean hain kirolari ona ez izanda jolasteko eta ongi pasatzeko aukera duzu. Eta hori da garrantzitsuena, ongi pasatzea».
Klubaren izen aukeraketa
Historio xelebre bezain polita da. ‘Harresi’ izena Jose Luis Moltó entrenatzailearen omenez ezarritakoa da. Moltó boleibol jokalari ohia da. Punta-puntan aritu zen jokalari gisa eta besteak beste, Europako Txapelketetan zein Olinpiar Jokoetan aritu zen. Jokalaria zenean taldekideek ‘el muro’ deitzen zioten, blokeoak egiten oso ona zelako. Astiazaranek hasieran Txingudi Bolei Taldea izena edo «antzeko zerbait» deitzeko asmoa zutela nabarmendu du, baina «toponimiak ezin zirela erabili esan ziguten». Entrenamenduren batean gaztetxoak Moltóri ‘harresi’ deitzen hasi zioten. Hori dela-eta, ‘el muro’ euskaratu eta entrenatzailearen omenez Harresi Bolei Kluba izena ipini diote.
Hondartza-bolei Txapelketa
Larunbatean klub sortu berria ezagutzera emateko, Hondartza-Bolei Txapelketa Herrikoia antolatu zuten. Lehenengo edizioa izanik harriduraz baina pozez hartu zuten Harresi Bolei Klubeko kideek txapelketaren arrakasta. Eskualdeko jendeaz gain, Euskal Herriko hainbat herrietako jendea hurbildu zen lehiaketan parte hartzera. Donostiarrak, tolosarrak, zarauztarrak eta hernaniarrak, esaterako. Guztira lau lagunek osatutako 26 talde aritu ziren eta goiz ederra pasa zuten. Partiduak bata bestearen atzetik jokatu ziren eta Koldo Emeryk alaitu zuen txapelketa. Egun hasieran euriak agerraldia egin bazuen ere, ondoren, eguzkia izan zuten lagun. Astiazaranen ustez, ez zen ezertxo ere falta: «hondartza, lagunak, giro ona, zer gehiago behar duzu!».
Eizmendik, antolakuntzaren eta txapelketaren balorazioa ona izan dela erantsi du. «Oso pozik geratu gara. Antolaketa oso erraza izan zen eta orduak ondo kalkulatu genituen. Egunean bertan zenbait gauza aldatu behar izan genituen, baina primeran joan zen”. Datorren urtean txapelketaren bigarren edizioa antolatzen jarri dira dagoeneko. Dena dela, uda heldu baino lehen, klub bezala murgilduko dira denboraldian. Une honetan babesle bila ari dira.