Gurasoekin eta Gazteekin programak egingo dira aurten ere
Talde txiki eta adinetan banatuta, nerabeek bizitzarako trebetasunak garatuko dituzte ostegunero Palmera Monteron. Halaber, Gurasoekin egitasmora talde berri bat gehitu da: 0 eta 2 urte bitarteko haurren gurasoak.
Gurasoekin eta Gazteekin programen aurkezpena egin du gaur udaletxean David Nuño Gizarte Ongizateko zinegotziak. Plan hauen asmoa nerabe eta gurasoei egunerokotasunean behar bezala bizitzeko bizi tresnak ematea da. Izen emateko epea irailaren 15ean hasiko da bi programetan, urriaren 15a arte udalaren orrialdera joz, edo 943 50 51 52 telefono zenbakira deituta
Gurasoekin
Gurasoen eta seme-alaben arteko lotura afektiboak indartzeko, astean behin edo hamabostean behin biltzeko programa da. Talde txikietan egiten dute lan, eta talde horiek osatzeko, familien beharrak eta seme-alaben adina hartzen dute kontuan. Guztira 12 saio izango dira, Palmera Montero guneko 4.aretoan eskainiko dituztenak Ion Arruabarrena enpresako langileek.
Taldeetako bat 0 eta 5 urte bitarteko haurrak dituztenentzat da, bestea 6 eta 11 urte bitarteko haurrak dituztenentzat eta bi talde nerabeak dituztenentzat. Aurten, gainera, talde berri bat sortu dute 0 eta 2 urte bitarteko gurasoentzat, interesdunek hala eskatuta. “Beharrezkoa baita etapa horretan ere gurasotasun positiborako prestakuntza eta orientazioa lantzea”, dio Nuñok.
Gazteekin
Bizitzarako trebetasunak lantzeko 12 eta 17 urte bitarteko nerabeentzako programa da, Osasunaren Mundu Erankundeak formualtutako nazioarteko ekimen batean oinarritzen dena. Trebetasunak honako hauek dira: norberaren ezagutza, enpatia, komunikazio asertiboa, pertsonen arteko harremanak, erabakiak hartzea, arazoak eta gatazkak kudeatzea, pentsamendu sortzailea, emozioak eta sentimenduak kudeatzea eta tentsioak zein estresa kudeatzea.
Lau talde osatuko dituzte eta astero elkartuko dira 75 minutuko saioetan, azarotik maiatza bitartean. haur eta nerabeen alorreko psikologian adituak diren Ion Arruabarrena, Gema Campo eta Andrea Arangurenek gidatuko dituzte. Taldeetako bat 12 eta 14 urte artekoentzat izango da eta bizitzarako trebetasunen tailerrak hiruhilekotan banatu dute lanketa. Beste taldea 15 eta 17 urtekoek osatuko dute eta laguntza taldea izango da haiena.
Saioak ostegunetan egingo dira Palmera Montero guneko 4.aretoan. 12 eta 14 urte bitartekoek 17:30etik 18:45era joan beharko dute, eta 15 eta 17 urteetako taldekideek 18:45etik 20:00etara.