Juan Thalamas Labanbibar kaleko abiadura murrizteko ebazpena onartzea eskatu dute
Abenduko Osoko Bilkuran onartu zen 30 km/h-ko abiadurara murrizteko mozioa, baina ez dute aplikatu, ezta horretarako Ebazpena sinatu ere.
Juan Thalamas Labandibar kaleko abiadura 30km/h-ra murrizteko mozioa onartu zuten udalean 2021eko abenduaren 23an. Oraindik ez dute Artiako Lagunak eta Red Ciudadana de Sevillak bultzatutako iniziatiba betetzeko akordioa sinatu, hiru helburu dituena: mugikortasun segurua eta iraunkorra, airearen kutsadura eta kutsadura akustikoa murriztea.
Interes pribatu eta politikoak daudela abiadura ez murrizteko dio taldeak, hala nola, Zaisako Plataforma Logistikoa, hirigintza espekulazioa eta lurzoruaren erabilera aldaketak. Alkatetzaren Dekretua onar dezan alkateak galdegin dute, Osoko Bilkuran adostutakoarekin bat etorriz eta abiadura murrizketa egi bihurtzen. Foru Aldundiarekin batzea ere nahi dute, eskaeraren akordio bat sinatzeko.
Zirkulazioko Erregelamendu Orokorraren (1428/2003 Errege Dekretua) 50. artikuluko 5. paragrafoa ekarri dute gogora: “Udal agintariek eta bidearen titularrek beharrezko neurriak hartu ahal izango dituzte trafikoa baretzeko eta ezarritako abiadura mugak errazago hautemateko”. Arartekoari ere eskatu diotela laguntza baina ez duela aurrerapenik lortu deitoratu dute.
Alkatetza Dekretua sinatzeari uko egiten diotela bai aldundiak eta bai udalak diote “EAJ eta PSOE eta interes pribatuen ondorioz, Toki Araubidearen Oinarrien Legea bera gutxietsiz. Bultzatzen dutena gatazka, tentsioa, haserrea, sumindura eta amorrua dira”. Jarrera hau biktimekiko, kale horretako erabiltzaileekiko eta irundarrekiko zentzugabekeria eta errespetu falta da taldearen hitzetan.
Gogoratu dute puntu beltz bat dela inguru hori eta abuztuaren 26ko istripua iragarri zitekeela dute. “Biktima hori saihets zitekeen, baina Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako Foru Diputatuaren eta Irungo alkatearen gaitasun ezak eta arduragabekeriak hori gertatzeko bide baldintzak ematen lagundu dute”. Amaitzeko, diktadura frankistan eta pertsonen bizitzarekiko mespretxuan ainguratutako administrazio publikoen eta eredu politiko baten moduek eta formen ahalbidetu dutela ezbeharra argudiatu dute.