Eskola materiala erosteko laguntzak eskatu ditu PSE-EEk
Paperaren prezioaren igoerak egoera larriagotu duela esan dute alderdi sozialistakoek. Neurria aspaldi ari dira eskatzen.
Hondarribiko PSE-EEk udal gobernuari galdegin dio eskola materiala erosteko programa bat martxan jar dezan.
Iosu Alvarez eledunak gogora ekarri du 2018ko aurrekontuei 50.000 euroko diru partida bat proposatu zietela, zeina ez zen aurrera atera, gobernu taldea alde agertu bazen ere, “betiere, materiala Hondarribiko establezimenduetan erosten baldin bazen”.
Alderdi sozialistakoek iritzi diote paperaren prezioaren igoerak bereziki premiazko egiten duela halako laguntzak martxan jartzea bertoko familientzat. “Laguntzen zenbatekoa familiaren errentaren arabera zehaztu beharko litzateke”, azaldu dute.