[Galeria eta bideoa] Jaizkibel: "Hilabeteko epean elkarrizketa mahaia abian jar dezala eskatzen diogu alkateari"
Hondarribian Jaizkibel konpainiak geroz eta babes handiagoa duela nabarmendu du Oihana Etxebarrieta kapitainak.
Babes handiarekin egin du bidea Jaizkibel konpainiak. Konpainia bera handi-handia izan da, Oihana Etxebarrieta kapitainak gidatua eta Garazi Alza banderadunak zabaltzen zuena. Leire Murua izan da kantinera. Harro, gozo, behar bezala egin du bidea konpainiak. Jaietaz, Hondarribiko festetako egun nagusiaz gozatu dute segizioan atera direnek eta haiek jarraitu dituztenek. Jaizkibelen barruan emozioa; espaloietan emozioa eta babes izugarria. Irribarreak eta malkoren bat. 25.enez bidea egin du konpainiak, aurtengoan itxura denez “Aupa Jaizkibel” edo “Biba zuek”oihuekin eta gisakoekin bakarrik. Mila lagunek desfilatu dute Jaizkibelekin.
Arrankadaren ondoren Kale Nagusian gora eta behera egin. du konpainiak, tartean Arma Plazako geldialdia egin duelarik. Jada Sainduan, konpainiako kapitain Oihana Etxebarrietak hedabideentzat adierazpenak egin ditu. Alderik aldeko irribarrea zuen. Zabala oso. “Gaur argi geratu da Jaizkibel geroz eta handiagoa dela. Horrez gain, konpainiatik kanpo duen babes soziala gero eta handiagoa dela ere nabaria gelditu da. Hori ospatzekoa da”, esan du kapitainak.
Konpainiaren inguruan bai, baita herrian ere. Izan ere, konpainiaren kargu nagusiak adierazi du Hondarribian ere konpainiarekiko eta horrek zabaltzen dituen balioekiko jarrera eta atxikimendua ere nabarmen hazi dela. “Bereziki ospatzekoa da Hondarribian konponbidearen aldeko jarrera geroz eta aktiboagoa dela, geroz eta herritar gehiagok hori eskatzen dutela”.
Jaizkibelen izenean, deia egin dio Etxebarrietak Txomin Sagarzazu alkateari: “Gaurkoa alkateari enplazamendu bat egiteko eguna da: eskatzen diogu hilabeteko epean elkarrizketa mahai bat jar dezala, bera izan dadila hori martxan jartzeko lidergoa hartuko duen pertsona. Fruiturik eman ez duten hainbat saiakera izan dira, eta uste dugu herriak hori eskatzen duela, eta badela garaia alardearen inguruan agente garen kide ezberdinak bildu, eta elkarrizketa prozesua abian jartzeko. Hilabeteko epean egin dezala eskatzen diogu alkateari”.