[Galeria] Aurtengo bidea hastear da Jaizkibel
Jaizkibel konpainia hastear da 2022ko Alardeko bidea. Ilusioz eta gogoz gainezka daude konpainiako kideak.
[AURRERAPENA]
Gaurkoa egun handia Hondarribiko festetan: Guadalupeko Amaren Eguna, Alardearen eguna. Jaizkibel konpainia hastekotan da bidea, desfilearen aurrekoak egin eta gero.
Kale Nagusia jendez beteta dago, Ertzaintza ere (hiru furgoneta gutxienez) bertan da. Inoiz baino jendetsuago doa aurten Jaizkibel, koloretsu, harro. Eguraldi ona gaur Hondarribian. 25.enez desfilatuko du berdintasunaren konpainiak. Oihana Etxebarrieta kapitainak esan du «izugarri handia» dela konpainia mistoak lorturiko erantzuna: «Gero eta gehiago gara».
Udaletxearen parean, Kale Nagusian, hainbat erakunde eta alderdi politikotako ordezkariak ditu zain Jaizkibelek. Harrera egingo diote. Tartean dira Emakundeko, Arartekoko, EH Bilduko, Podemoseko, eta Ezker Anitza-IUko ordezkariak. Kale Nagusiko elizan Abotsanitzeko eta PSE-EEko ordezkariek egin diete harrera Jaizkibeli.
Kale Nagusiko pasaldia lasai egin du Jaizkibelek. Jendez gainezka zegoen. Txaloka eta orroka oles egin diote konpainia parekideari. Ez zen ez pankarta beltzik, ez eta haien kontrako mezuak zituen kartelik.