[Erreportajea] Forma berria duen ziztada zaharra
Erasotzeko modua berri suerta badaiteke ere, ziztadena indarkeria matxista historikoaren formaldatze bat da. Sumisio kimikoa egon edo ez, erasoan eta gizonei dagokien arduran fokuratzeko eskatu dute.
Ez da berria. Belaunaldiz belaunaldi besterentzen doa ziztada hau. Formaldatzen. Xiringa irudia hartu du orain armak, baina gizarte egitura oso bat du aspaldi pozoitua barnean daraman indarkeriak; eta jendartearen erdia baino gehiago oinazpiratuta.
Ez dute lortu, gaur-gaurkoz, jai giroan geroz eta ugariagoak bihurtzen ari diren ziztadekin substantzia bat zuhurtziaz identifikatzerik, baina emakumeen artean lau haizetara hedatzen ari dena beldurra da, ikara, izua, terrorea; matxismoak historikoki baliatu izan duen arma boteretsuenetarikoa emakumeak giltzapetzeko, espazio publikoetatik kanporatzeko, etxeko lanetan, isilik, mantentzeko.
Abuztuarekin joan ziren 2022ko Oiartzungo jaiak, eta xanistebanetan ere salatu zuen Oiartzungo Feministen Asanbladak ziztada aski eman zirela gau giroan, bai eta bestelako eraso matxistak ere. Oarso-Bidasora helduko diren hurrengo festak Hondarribikoak dira [datorren asteartetik igandera], eta arduratuta agertu dira Emeki herriko talde feministako kideak, inguruko ospakizunetan gertatzen ari denaz jakitun, euren jaiei begira.
Oiartzungo asanbladako kide Araitz Olaiz Leibar eta Inexa Maritxalar Iraetak gertaturikoaren berri eman eta indarra jarri dute izurri honi aurre egiteko «saretzean, antolaketa feministan eta autodefentsa feministan». Emekiko lehendakariorde Leire Miguez Garciarekin ere izan da hitza, egoeraren irakurketa egin eta taldeak festetarako prestatu dituen proposamenen berri eman du hark.
Eskualde bateko edo besteko, alde biek egin dute bat esatean eraso matxistak gorpuzteko beste metodo bat dela ziztadena, eta funtsezkoa dela ardura erasotzaileen bizkarretan jartzea, «gizonak erantzukizunez kargutzea» eta sare feminista antolatzea, gizarte osoak konplize izateari utz diezaion.
Urrutira joan gabe
Ziztadekin batera, isileko mezu bat ari da barreiatzen: emakumea bazara eta espazio jakin batean baldin bazaude, ez zaude salbu; arriskua hartzen ari zara. Eta gorpuzten ari da, gainera, beldur hori. «Jaietako lehen egunean emakume ugari artatu ziren Oiartzunen, ustezko ziztadak zirela-eta», aitor egin du Maritxalarrek. Protokoloa prest zegoen, eta hori oinarri jakin zuten, herriko gainontzeko eragileekin elkarlanean, nola jardun.
Hori horrela izanik ere, sinetsita esan dute jaiak «gizartearen isla» besterik ez direla, eta hausnartzera deitu du Olaizek zentzu horretan: «Egoera, noski, larria da; nola ez! Jendartean kolektibo baten kontrako eraso jarraitua eta bortitza ohikoa denean, ondorioak dakarzkie hauei».
Eraso horien helburua zein izan litekeen asmatzera egin baino, benetako eginahala bideratu dute erasoturiko emakume horiei entzun eta hitza ematera, «egoki artatu, erasoa salatu eta herritarrok ahalik eta erantzun bateratuena ematean», osatu du Olaizek, «arazoaren handitasunak guztiok interpelatzen gaituelako».
Gizonen ardura
Azken ideia horri heldu dio hondarribiarrak ere, badirudielako mezu oro emkumeei zuzenduta doala, gizonen erantzukizuna ahantzirik. «Hezkuntza feminista beti emakumearen edo biktimaren figuran oinarritu da, ‘ez joan bakarrik, zure eskubide hauek defendatu’. Baina amaren batek alabari kontuz ibiltzeko esaten dion bezala, esaten al diogu mutilari ‘ezta okurritu ere halakorik egiterik, bestela ni izango naiz lehena salaketa jarriko dizuna! Ni ere emakumea banaiz-eta’».
«Eta batzuek esaten dute: ‘ez gara gizonezko guztiak’», gaineratu du Maritxalarrek, «baina galdera da: zergatik gertatzen zaizkigu halakoak emakumezko guztiei?». Bide beretik mintzatu da asanbladako beste kidea: «Emakumeok ez gara parrandan ateratzen gizonezkoak ziztatuz beraiek erasotzeko, ez dugu drogarik botatzen gizonezkoen tragoetan, emakumezkook ez ditugu gauez gizonezkoak beldurtu eta erasotzen». Gizonek konplize izateari utzi eta «aldaketan inplikatzea» funtsezkotzat jo dute.
Argi du Emekiko lehendakariordeak emakumeak espazio publikotik kaleratzeko saiakera dela ziztadena ere, «erakustea kaleak ez direla gureak». Eta irmo erantzun du: «Inork ez gaitu bertatik aterako». Mezua gizonengana zuzentzeko eskatu du birritan, eta ohartarazi du talde feministatik udalari proposatuko diotela eraso matxistarik balego «une horretan dena gelditzea, jakin dezaten halakorik ez dugula inola onartuko».
Oiartzungo Feministen Asanbladakoek badute eskarmentua, zoritxarrez, zentzu horretan, eta aldaketara batzeko deia egin dute: «Saretzeari, antolaketa feministari eta autodefentsa feministari eman diogu garrantzia guk».