Santa Elena kalea irekiko dute etzi, garraio publikoarentzat
Ibilgailu pribatuei ez zaie irekiko, lanaren fase honetan ahalik eta zirkulazio gutxien komeni delako.
Asteazken honetan (irailak 7a da) Santa Elena karrika irekiko dute autobus publiko eta eskoletako autobusak pasatu ahal izateko.
Berrurbanizatze lanak hasi zituzten Alde Zaharreko karrika horretan uztailean, eta lehen fasean, guztiz itxi behar izan zuten trafikoa. Eskoletan ikasturtea hastera doanerako ireki egingo dutela eskola autobus eta garraio publikoarentzat jakinarazi du udalak.
Beraz, E-25 eta L4 lineek ohiko ibilbidea berreskuratuko dute etzitik aurrera eta Urdanibia plazako geltokian geratuko dira berriz ere.
Obrak, egun
Martxa onean doazela lanak dio udalak, eta horren erakusle dela autobusak pasatzen uztea. Gainerako ibilgailuentzat itxita jarraituko du “amaitzeke dauden lanak oztopatuko bailituzkete”. Atari bakoitien aldeko espaloia konpontzen ari dira eta bitarte horretan bikoitien aldera desbideratuko dituzte oinezkoak.
Hormigoizko oinarria jarri dute jada aldeetako batean, akabera ematea falta zaio. Urdanibia plazaren aldean kalea oso estua denez, ahalik eta zirkulazio gutxien pasatzea dela komenigarriena erabaki dute.
Lan hauetara 475.642,53 euro bideratu dituzte eta Urbycolan S.Lri esleitu zizkioten, zazpi hilabete dituzte obrak burutzeko.