Ehun korrikalaritik gora parte hartu dute Guadalupeko igoeran
Jose Antonio Gomez de Arriba eta Maria Ordoñez izan dira pandemiaren ondorengo edizioko irabazleak.
173 korrikalarik parte hartu zuten pandemiaren ondoren gauzatu den lehenengo Guadalupeko igoeran. Edizio jendetsuena izan ez bada ere, sekulako giroa sortu zen Guadalupeko santutegian.
Jose Antonio Gomez de Arriba, Bidasoa Atletiko Taldeko lasterkaria, izan zen lehena helmugan. 17 minutu eta 6 segundo behar izan zituen probaren garaipena eskuratzeko. Aritz Garin izan zen bigarren 17 minutu eta 24 segundora eta hirugarren postuan 17 minutu eta 28 segundorekin Jon Urtizbereak itxi zuen podiuma.
Emakumezkoetan Maria Ordoñez izan zen irabazlea 19 minutu eta 48 segundoko denborarekin. Ordoñezek aise irabazi zuen, bigarren sailkatuari minutu bateko aldea atera baitzio. Bigarren Olatz Zabala helmugaratu zen (20’57”) eta Maria Sanroman hirugarren (22’28”).
Helduen txanda baino lehen, gaztetxoena izan zen. Gernikako arbolaren zabalgunean 101 gaztek parte hartu zuten adinka egin zituzten lasterketetan. Helmugaratzean Super Amararen eskutik merienda goxo batez gozatu zuten.
Argazki eta emaitza guztiak Bidasoa Atletiko Taldearen webgunean aurki daitezke.
Lapurreta
Bidasoa Atletiko Taldeak Guadalupen gertatutako lapurketa salatu nahi izan du. Guadalupeko santutegian antolakuntzak zuen kamioi batetik, bazkalorduan, guztira 1500 euroko lapurreta izan dutela salatu dute. Gozoen xafla bat, hainbat su, eta bi ur mahuka lapurtu zizkieten. Norbaitek lapurretaren inguruko pistarik izan ez gero BAT ekin harremanetan jartzea eskatu du klubak.