[Erreportajea] Udan Bidasoko migrazio fluxuek ez dute etenik izan
Eusko Jaurlaritzaren arabera, Gurutze Gorriak 4.500 migratzaile artatu zituen uztailaren erdialdera arte. Irungo Harrera Sareak epe horretan 3.000 pertsona jaso dituela adierazi du.
Dagoeneko, Irunen ez da gaiaz jabe ez denik. Joan den uztailaren 19ra arte, 2022. urtean zehar Gurutze Gorriak 4.500 migratzaile artatu zituen Irunen, Eusko Jaurlaritzaren arabera. Duela hilabete eta erdikoa da datu hori, eta litekeena da kopuru horrek dezente gora egin izana. Josune Mendigutxia Irungo Harrera Sareko (IHS) kideak iazko udan, egunero, 50 pertsona inguru jaso zituztela azaldu du, baina azken aldian jaitsi omen da emaria: «Irunera hamar pertsona inguru ari dira iristen, egunero». Egoera ez da lasaigarria, ordea. «Jende asko ari da Kanarietara edo penintsulara iristen; Argeliak ateak ireki ditu orain».
IHSk Eusko jaurlaritzak emandako datu hori iruzkindu behar izan du. Izan ere, haiek jasotako datuen arabera, uztailaren bukaera bitartean 3.000 migratzaile artatu ditu sareak. Badakite asko direla plazatik igaro gabe aurrera egiten dutenak. Baina, hala ere, diferentzia askoz ere txikiagoa izan ohi da. Bestela, migratzaile andana ari da Bidasoa ibaia zeharkatzen. Eguraldi beroa dela-eta, ur gutxiago du ibaiak, eta segurtasuna ematen die horrek migratzaileei: aurten dagoeneko bi migratzaile hil dira ibaia zeharkatu nahian. Lehenaren gorpua martxoaren 30ean aurkitu zuten, hil horren 12tik desagertuta egon ondoren. Biriatura iritsi ziren bi bidelagunek eman zuten desagerpenaren berri. Bigarrena, aldiz, hogeita bost urteko gazte bat zen; ekainaren 18an aurkitu zuten gorpua ibaian.
Iaz, pandemia hedatu zenetik migrazio fluxu handiena bizi izan zuen Irunek. Egoera hartan, arriskuak gora egin zuen. Besteak beste, horren erakusle da 2021. urtean zehar zazpi lagunek bizitza galdu izana. 2021eko apirilean gazte eritrear batek bere buruaz beste egin zuen Bidasoa ibaiaren ertzean; maiatzean, Boli Kostako 28 urteko gizon baten gorpua atera zuten ibaitik, baita Hendaiako aldean 16 urteko adingabe bat erreskatatu ere. Abuztuaren 8an bi migratzailek uretara salto egin zuten, eta bizilagun bat horietako bat agertzen ez zela jabetu zenean, larrialdi zerbitzuetara deitu zuen. Itotako gorpua atera zuten.
Bi hilabete geroago, Ziburun gertatu zen ezbeharra: gaua trenbidean igaro zuten lau migratzailek, eta goizaldeko trenak harrapatu zituen. Hiru hil ziren, eta laugarrena larri zauritu zuen trenak.
2021eko azken tragedia azaroan jazo zen: Endarlatza parean paddle surfa praktikatzen ari zen kirolari batek Boli Kostako beste migrante baten gorpua aurkitu zuen, Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko mugan. Hura ere itota hil zen.
Gurutze Gorriaren irizpideak
Gurutze Gorriak ez ditu Irunera iristen diren migratzaile guztiak aterpean jasotzen, eta behar dutenek, hiru gau igaro ditzakete, gehienez ere. «Gurutze Gorriak harrera duina egiten du, baina irizpideak betetzen dituzten migratzaileei soilik».
Irizpideotaz galdetuta, Mendigutxiak adin txikikoak badira, ez direla sartzen azaldu du. «Espainiako Estatuan urtebete baino gehiago badaramate, Ceuta edo Melillan barne; dublinatuak badira ere ez, asiloa ez badute Espainiako Estatuan eskatu; edo dokumentaziorik ez badute ere». Egoera horiek poliziak egiten dituen sarrera erregistroen bidez kontrolatzen dituzte.
Hala eta guztiz ere, zenbait salbuespen badirela azpimarratu du Mendigutxiak.
Komunikazioa oztopo
Batzuetan, ez da erraza izaten migratzaileen eta sareko kideen arteko komunikazioa. Mendigutxiak adibide bat jarri du: «Maiatzetik Sudango jende asko iritsi da. Ez dute frantsesez egiten, eta ingelesez moldatzen direnak baldin badaude ere, gurekin egon zirenek arabiarrez egiten zuten bakarrik». Horrek sareak migratzaileei eskaini ahal izan dien laguntza zaildu du, eta sudaniar askok, Irunera iristean, ibaia zuzenean zeharkatu dute. Zorionez, harremana estua da oso mugaz bestaldeko harrera taldeekin. Are, sare berdineko kideak dira, etengabean daude kontaktuan; eta horrela, migratzaileei laguntza eskaintzeko gaitasuna handiagoa bilakatzen da. «Gure taldeak izen ona hartu du Espainia eta Frantzian. Lana egiten dugula badakite, eta haziz joan garen heinean, Bidasoaz bestaldeko taldeekin elkarlana lotu dugu. Espainiako Estatuan ere egonkortu dugu sarea; bai Kanariar uharteetan, bai Ceutan, eta bai Melillan ere. Dena oso lotuta dago» gaineratu du IHSko kideak.
IHS migrazio fluxua era nabarmenean hazten hasi zen urtean sortu zen; 2018an. Ordutik dabiltza euren bidean Irunera iristen diren migratzaileei laguntza eskaintzen: arropa eta janari apur bat, gaua igarotzeko lekuak errazten edota muga igarotzeko aholkuak ematen.