Udalak hainbat lan egin ditu haur eskoletan, kurtso berriari begira
Artean, espazio ezberdinak, hesiak, zorua eta pintura berritu dituzte. Era berean, energia efizientzia bilatu dute.
Azken egunotan, Cristina Laborda udaleko Obra zinegotziak eta Santi Jimenez Hezkuntza ordezkariak hiriko haur eskolak bisitatu dituzte. Udalak udaro zenbait egokitzapen lan egiten ditu, ikasturte berriari begira. Aurten, 622.118 euro inbertitu dituzte egokitze lanetan, eta orain udal ordezkariek obrak nola doazen ikusteko bisitak egin dituzte.
Jimenezek zera adierazi du: “lan horietako asko ikastetxe publikoekin ditugun harremanen ondorio dira, eta haiek helarazi dizkiguten beharrei erantzuten diete”. Hala, espazio ezberdinak, hesiak, zorua nahiz pintura berritu dituzte.
Azken urteotan egiten ari diren jardueren artean, eraikinen energia-efizientzia hobetzeak hartu du garrantzia. Helburua “energia-kontsumoa eta emisioa murriztea, eta gas- eta elektrizitate- horniduran dezente aurreztea” da.