Gazteen Eguna, jaien aurrekari
Festei hasiera emateko lau egun eskas geratzen diren honetan, jai giroan murgiltzeko lehen aitzakia izango dute bihar hondarribiar gazteek.
Aurten Gazte Asanbladak antolatu du Gazte Eguna eta hori izan da, bereziki, biharko egunaren berezitasuna. Uztailean asanbladara deitu eta «arrakasta» izan zuela azaldu du Patxi Muñozek, asanbladako kideak. «Mezu argia bidali genuen: guk egiten ez badugu ez da Gazte Egunik izango». Prestutasun horrek, argi utzi zuen hondarribiar gazteak gogotsu egoteaz gain, ardura bere gain hartzeko prest daudela. Gazte Asanbladako 20 eta 23 urte arteko hogeita hamar bat gaztek osatu dute taldea, eta buru-belarri aritu dira uda osoan zehar bihar gauzatuko den eguna prestatzen.
Talde honek antolatuko duen lehen Gazte Eguna izango den arren, prozesua erraza izan dela azaldu du Muñozek. Zenbait, 2019ko antolaketa taldean izan ziren, eta eginbehar konkretuak ikusi eta horiek «ondo definitu» zituzten hasiera-hasieratik.
Egunak aurreko urteetako formatu bera izango du. Goiz-goizetik hainbat jarduera prestatu dituzte. Bazkaria Alamedan izango da, eta horren ondoren kontzertuak izango dira 00:30ak arte. Egitarau osoa bidasoa.hitza.eus atariko Agenda atalean ikus daiteke.
Harremantze eredu berriak
Ondo pasatzeko eguna izateaz gain, harremantze eredu berriak eraikitzen joateko aukera emango duen eguna dela uste du Muñozek. «Hondarribia bezalako herri batean sozializatzeko dugun eredua, askotan, nahiko tristea dela uste dut, eta Gazte Egunarena bezalako egitasmoek eredu berriak eraikitzeko aukera ematen dute».