Aurredenboraldia hasi du Zaisa Txingudi Errugbi taldeak
Erronka nagusiak emakumeen harrobia indartzea eta gizonezkoen senior taldea lehen mailara igotzea dira. Entrenamendu gehienak hasi dira dagoeneko.
Zaisa Txingudi Errugbi taldeak denboraldi aurreko entrenamenduak hasi ditu kategoria guztietan eta ikasturte honetarako dituzten erronken berri eman dute: harrobia eta touch modalitatea sendotzea emakumeen taldeak iraun dezan, eta gizonezkoen taldea euskal lehen mailara itzultzea.
Pachi Garcia klubeko teknikoa da eta aurretik dutena “oso lan zaila” eta “denbora eta esfortzua” eskatzen dituela dio, baina horren aldeko apustua argia dela. “Kategoria gehienetan taldeak izateko ahalmena dugu. Norabide horretan jarraitu nahi dugu, eta egun daukaguna indartu”.
Aurten dei berezia egin diete 2005 eta 2010 urteen artean jaiotakoei errugbia proba dezaten. Astearte eta ostegunetako 17:30etako entrenamenduetara joateko proposamena luzatu diete, zehazki, 14 azpiko, 16 azpiko eta 18 azpikoen txandetara. Ildo horretan, 2011 eta 2014 urteen artean jaiotakoentzat astelehenetan 17:30ean finkatu dute hitzordua. 10 eta 18 azpikoen tarteko taldeak indartzeko Baztango BRT Menditarrak taldeko jokalariak batuko dira taldera, lehen aldiz.
Emakumeen senior taldea mantentzeko harrobia indartzearen planaren berri ere eman zuten uztailean. 16 azpiko edozein neskak parte hartu dezakete sortu nahi duten talde berrian, asteartero 17:30etan entrenamenduetara joanda irailaren 13tik aurrera.
Plakaketarik gabeko modalitatean jokatu nahi dutenek irailaren 12an hasiko dituzte entrenamenduak, astelehenetan 19:00etan eta asteazkenetan 20:00etan. Talde honek, iaz, estatuko 2.mailan jokatu zuen.
Gizonezkoen seniorretan berritasunak izan dituzte dagoeneko eta Jose Mari Zabala entrenatzailea taldearen entrenamendu fisikoak zuzentzen aritu da, 16 eta 18 urtez azpikoetan.
Bestalde, zenbait baja egon dira ere: Ekaitz Aia, Lander Vielba, André Ferreira, Unai Herrero, Sylvain Lapeyre, Pachi Garcia, Ugo Poncini, Roman Solis, Julen Enparan, Enoch Ferka, Rodrigo Combina, Luken Crouzat, Mikel Carvajal eta Erik Gonzalezenak.
Era berean, joan diren horien postua betetzeko etorri dira Urko Genua, Ioritz Franco, Gorka Martinez eta Gabriel Lizarazu. 18 azpikoen kategoriatik seniorretara igoko dira Jon Sanchez, Erlaitz Ayuela, Oier Mendi, Asier Aranburu eta Aritz Rodriguez.