Ostiralean 'Hondarribia Berdintasunaren Hiria Saria' banatuko dute
Jaizkibel Konpainiak datozen egunetako hitzorduen berri eman du. Larunbatean ekingo dio lehenengo entseguari.
Jaizkibel konpainia sortu eta emakumeak alardean parte hartzeko lehen saiakera hartatik 25 urte igaro dira. Konpainiatik azaldu dutenez, urte “gogorrak” izan dira eta gatazkak bere horretan jarraitzen duen harren, konpainia handitzen ari da eta herritarren babesa zein berdintasunerako joera handitzen ari da. Hala ere, Hondarribia askorentzat “urtean behin plastiko beltzak zabaltzen dituen hiria” dela adierazi dute eta ikuspegi horretatik at, “lan egiten duen tokia” dela ikustarazi nahi dute.
Hori dela-eta, ostiral honetan berdintasunaren alde lan egin eta egiten duten pertsona zein erakundeak saritzea helburu duen ‘Hondarribia Berdintasunaren Hiria Saria’ banatuko dute, Itsas Etxea Auditoriumean arratsaldeko 19:30ean. Sari banaketaren zortzigarren edizioa izango da eta aurtengo saria Irantzu Varela kazetari feministak jasoko du. Epaimahaia Garbiñe Biurrunek, Maddalen Iriartek, Nieves Alzak, Iñigo Lamarkak eta Xabier Lapitzek osatu dute.
Zenbait ohar garrantzitsu
Entseguak:
- Irailaren 3an (20:00etan): Hondarribiko Kiroldegitik abiatuko da Jaizkibel Konpainia. Aldez aurretik kapitainak aurtengo egoeraren eta erronken inguruko hausnarketa bat egingo du. Txapel gorria eramatea derrigorrezkoa da.
- Irailaren 4an eta 5ean (20:00etan): Ama Guadalupekoa eskolatik abiatuko dira.
Irailak 8:
Goizean 08:25ean Harresilanda kaletik (Gernikako Arbolaren parean) abiatuko da. Arratsaldean, berriz, 17:00etan Sainduatik irtengo da. Goiz zein arratsalde ohiko ibilbidea egingo du.