"Berdintasunezko eta anaitasunezko etorkizunerantz"
Hondarribiko Abotsanitz taldeak aurki helduko diren jaien eta orain arteko ibilbidearen inguruko hausnarketa egin du.
Osasun alarmaren eraginez herriko jaien bi urteko geldialdia izan da herrian eta geldialdi horrek aldaketa sakonik eragin ez badu ere, “Alardearen bilakaerari buruzko ikuspegi zabalagoa hedatzeko balio izan” duelaren uste sendoa du Abotsanitz taldeak.
Aldaketak, batez ere, “herritar bakoitzaren barnean” gertatzen ari direla uste dute, “pausua emateak beldurra ematen du oraindik, ingurukoek bizkarra emango diguten beldur”. Dena dela, gaitzespen horiek indarra galduz doazela sinistuta daude.
Bi urte hauetan Abotsanitz ahalik eta eragile gehienekin zein herritarrekin biltzen izan da, eta gehiengo zabal batek helburu berbera duela ondorioztatu dute: “Emakumearen parte hartze zabala alarde bakarrean”. Ildo berean, gizarteak eta herritarrek “politikariek baino borondate irmoagoa” erakutsi dutela salatu dute.
Azkenik, etorkizunera begira, oinordekoei “inor baztertuko ez duen ondare bizi eta indartsu” bat uzteko sinismenarekin Alardearen ospakizunean zerikusia duten eragile orori “helburu komuna lehenetsi” dezaten eskatu diete.