"Udalak bi eskubideak bermatzea nahiko luke"
Udal garbitzaileek egingo duten greba mugagabearen inguruan mintzatu da udala.
Hondarribiko Udaleko garbitzaileek irailaren 1ean greba mugagabea hasiko dute. Hori dela eta, atzo goizean, Hondarribiko alkateak, udalaren jarrera azaldu eta aurkeztu dituen alegazioen berri eman zuen.
Txomin Sagarzazuk azaldu zuenez, udalak bi eskubide bermatzea nahiko luke; alde batetik langileen greba egiteko eskubidea, eta beste aldetik eskola publikoetan kondizio higieniko egokiak eman daitezela.
Azken hau, bereziki, oso garrantzitsutzat jo dute eta kezkati agertu zen alkatea Lehen Hezkuntzako zenbait eraikinetan ematen ari diren higiene baldintzekin. Dagoeneko, ikastetxeko zuzendaritzatik, hezkuntza ikuskaritzatik eta hezkuntzako lurralde ordezkaritzatik zenbait kexa jaso dituzte. Hori horrela, Juan Luis Silanes Hezkuntzako zinegotziak uneoro ikastetxeetako irakasleekin eta gurasoen klaustroarekin etengabeko harremana izan dutela gaineratu nahi izan du.
Kondizio hauek emateko, garbitzaileak azpikontratatuak dituen enpresaren eta langileen artean akordio bateratu bat lortzea beharrezkoa dela argi azaldu du, eta ildo horretan, zabalik dagoen negoziazio prozesuan -ekainaren 30ean PRECOn bilera bat izan zuten eta hurrengoa, irailaren 8an izango dute- jarraitzeko eta akordio batera iristeko zinez eskatu du. Izan ere, eman daiteken akordioa aztertzeko konpromisoa hartzeko prest agertu da udala, “hobeto nola erantzun dezakegun aztertzeko”.