Markel Olanori bidesariak irekitzeko akordioa bete dezan eskatu dio udalak
Bidegi eta ASF-k auto ilara luzeak daudenean ordainlekuak irekitzeko sinatutako hitzarmena dagoela gogoratu du Cristina Laborda jarduneko alkateak.
Cristina Laborda, jarduneko alkateak, Markel Olano ahaldun nagusiari bidesariak irekitzeko hitzarmena bete dezala eskatzeko gutun bat bidali dio.
Izan ere, Bidegi eta ASF-k, duela hamar bat urte, trafiko buxaduraren aurrean ordainlekuetako barrerak irekiko zituztela adostu zuten, baina denbora batez soilik bete zela gogoratu du jarduneko alkateak. “Akordio hori betetzea lehen urrats bat litzateke”.
Denboran gehiegi luzatzen ari den arazoa dela azaldu du Labordak, eta aurten, gainera, aurreratu egin direla beste urteekin konparatuz auto ilarak. Hiri inguruko errepideak kolapsatuta daudela dio, eta ondorioz, hiri barneko bideak “sator zulo” bilakatzen direla salatu du.
Erakunde eskudunei arazoa konpontzeko “ahalegin bateratuak” egin ditzaten galdegin diete adierazpen instituzional baten bidez ere. Atzo, Gipuzkoako Foru Aldundiari bidali zizkioten afera konpontzeko proposamenak udal alderdi guztiek.