Kasino Zaharra martxan berriro ere
Urriaren 1ean zabalduko dute Kasino Zaharra, une honetan egiten ari diren irisgarritasun eta segurtasun lanak amaitu ondoren.
Gaur goizean Kasino Zaharraren eraikin parean bildu dira Miguel Lertxundi, Maitere Irastorza, Angel Lizarraga eta Puri Olazabal Kasino Zaharreko Juntako Kideak (Mariano Otero eta Txomin Aristondo ezin izan dira bertaratu), Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuetako Zinegotziarekin batera.
Juntakideak azaldu dutenez luze egin zaie itxaronaldia, “asko kostatu zaigu Kasino Zaharra zabaltzea baina argi utzi nahi izan dugu ez dela juntaren errua izan”. “Eztabaida asko izan ditugu, bai eta atsekabe asko ere” azaldu du Lertxundik. “Jende askok galdetu digu ea zer gertatzen zen Kasino Zaharrarekin. Jendea ekintzetan parte hartzeko gogotsu dago”. Larrarte zinegotziak bere aldetik, Kasino Zaharreko zerbitzuak eskaintzeko beharrezkoak ziren baimenak falta zituztela gaineratu nahi izan du.
Duela astebete irisgarritasun eta segurtasun lanak hasi zituzten eta hilabete irautea aurreikusi dute. Hori dela-eta urriaren 1ean zabalduko dira Kasino Zaharreko ateak. Besteren artean, gimnasia, yoga, memoria, ibilketa nordikoa eta tai chi klaseak eskainiko dituzte. Gimnasia ekintza maitatuena da. Orain arte Arraun Elkartean eskaintzen zen aina urritik aurrera Amute Auzo Elkartearen egoitzan eskainiko da, guztiontzako lekua bermatzeko espazio berri batean. Juntako kideek zein Larrartek, eskerrak eman nahi izan dizkiote auzo elkarteari haien eskuzabaltasunarengatik.
Hortaz gain, juntakideen eskaerei erantzunez, urtarrilaren 1etik aurrera, ekintzen kudeaketa juntaren esku geratuko da. Ordura arte, ardura udalaren esku jarraituko du.
Abendura arte jarduerak doan izango direla iragarri dute eta izen ematea Hondarribiko jaien ondoren zabalduko da. Xehetasunak aurrerago azalduko dituztela azaldu du zinegotziak.