342 ikastaro eskainiko dira urteko azken hiruhilekoan
Izen-emateak zabalik daude dagoeneko, eta irailaren 6a izango da horretarako azken eguna. Pandemia aurreko formatuan berreskuratuko dira kirol jarduerak.
Irungo Udaleko Kirol arloak iragarri duenez, zabalik dago jada urrian, azaroan eta abenduan Artalekuko eta Azken Portuko kiroldegietan eskainiko diren ikastaroetan izena emateko epea, eta irailaren 6a izango da horretarako azken eguna. Berritasun moduan, pandemiari aurre egiteko mugak bertan behera geratuko direla zehaztu dute udaletik, pandemia aurreko formatua berreskuratuz.
Guztira 342 ikastaro prestatu dira. Horietatik, 227 igeriketakoak dira, eta 115, aretokoak. Jarduera horiek bi instalazioetan banatuko dira: 163 Artalekun egingo dira, eta 179, berriz, Azken Portun.
Interesdunek ikastaroei eta ordutegiei buruzko informazio guztia kontsultatzeko aukera izango dute Irungo Udaleko Kirol saileko webgunean. Ikastaroetan parte hartu nahi dutenek esteka hori ere balia dezakete behin-behinean izena emateko. Horrez gain, behin-behinean izena emateko, fitxa bete eta Artalekuko edota Azken Portuko harreran dauden kutxetan utz dezakete.
Aurrez aipatu bezala, izena emateko azken eguna irailaren 6a izango da. Behin-behineko izen-ematearen fase hori harpidedunei eta harpidedun ez direnei zuzenduta dago. Ondoren, izen-emateak berresteko fasea hasiko da, irailaren 12tik aurrera gauzatuko dena. Horretarako, harpidedunek zein harpidedun ez direnek ohiko metodoak erabili beharko dituzte: aurrez aurre, aurretik hitzordua hartuta edo internet bidez. Udaletik gogorarazi dute, izena online eman nahi dutenek, BAKQ txartela eguneratua izan beharko dutela.
Udaletik zehaztu dute hitzorduan izen-emate bakarra egin daitekeela. Zerrenda bakoitzeko hitzorduak bukatzen direnean -guztira lau zerrenda mota osatuko dira- aukera egongo da ikastaro gehiagotan izena emateko, betiere lekurik geratzen bada. Horrez gain, lau zerrendetako hitzordu guztiak bukatzen direnean, izen-emateak egin ahalko dira online edo aurrez aurre kirol instalazioetako harreran. Hitzorduen epea bukatzen denean, izen-emate librearen txanda bat irekiko da behin-behineko izen-ematerik egin ez dutenentzat.
Behin-behineko izen-ematea egin dutenen hitzorduen orduak irailaren 7an zozkatuko dira, 12:00etan. Jarraian, zerrenda horiek jendaurrean jarriko dira, eta irailaren 12an izen-ematea formalizatzeko epea hasiko da. Artalekuko eta Azken Portuko igeriketa proba irailaren 3an egingo da, 10:00etatik 13:00era, Artalekun.