Auto ilarak gelditzeko konponbideak proposatu dizkiote aldundiari udal alderdi guztiek
Trafiko buxadura dagoenean bidesariak irekitzea eta trafikoaren gaineko informazioaren zabaltzea hobetzea galdegin dituzte. Beste behin jendarmeen kontrol selektiboak salatu dituzte ere.
Duela 10 egun hiri barnean eta hiriaren bueltan dauden auto ilarekin kezkatuta zegoela adierazi zuen Jose Antonio Santano alkateak, eta oraingoan, adierazpen instituzional bateratua kaleratu dute udalean dauden alderdi politiko guztiek afera horri buruz; Gipuzkoako Foru Aldundiari eskaera zehatz batzuk egiteko baliatu dute.
Egun Irunen trafikoarekin dagoen egoera “jasaezina” dela diote, nahiz eta jakina den abuztua amaieran urtero gertatu ohi den kolapsoa izan. Hiru arrazoi nagusi direla buxadura sortzen dutenak diote: Ibilgailu astunen eragina, Biriatuko bidesarian autoak samaldaka iristea eta jendarmeen kontrolak.
Pasadan dabiltzan gidariek ez ezik, irundarrek pairatzen dutela batez ere eragina diote. Herritarren haserrea eta etsipena haiena egiten dutela diote alderdi politikoek eta egoera hau luza daitekeela aurreikusita honako konponbideak proposatu dituzte aldundian:
-
Gipuzkoako Foru Aldundiari BIDEGIk eta ASFk sinatutako hitzarmena betearaztea, auto-pilaketa handiak daudenean Irun eta Biriatuko ordainlekuetako barrerak altxa ditzaten eta bidesaririk kobra ez dezaten.
-
Eusko Jaurlaritzari kontrola areagotzea, bai eta trafikoaren egoerari buruzko informazioa hobetzea ere.
-
Irungo Udalak konpromisoa hartu du Ertzaintzarekin dagoeneko egiten duen lankidetza indartzeko, aldundiaren eskumeneko errepideetan trafikoa kontrolatzeari dagokionez.
-
Udalak deitoratu egin ditu Frantziako agintariek Santiago zubian eta Behobian egiten dituzten kontrol selektiboak.
-
Espainiako Gobernuari galdegin diote eska diezaiola Frantziako Gobernuari mugako kontrolak kentzea.