V. ETE Liga Hondarribira heldu da
Hondarribiko emakumeak Erandioko bandera irabaztearekin batera V. ETE Liga eskuratu dute asteburuan. A taldeko arraunlariek, berriz, Boiroko bandera Hondarribira ekarri dute.
ETE Liga
Une gozoa bizi izan zuten atzo Hondarribia Arraun Elkarteko emakumeak. Hamabost jardunaldiren ostean V. ETE Ligako txapeldunak bilakatu ziren Erandioko uretan. Bertan jokatu zen 2022 urteko ligari itxiera eman zion jardunaldia. Erlojupeko modalitatean hondarribiarrak izan ziren azkarrenak, eta hala, denboraldiko 10. bandera eskuratu zuten.
Orain artean, denboraldi borobila egin dute Bikingek; hamar garaipen, liga eskuratu eta noski, datorren denboraldian EuskoTren Ligan aritzeko txartela ere eskuratu dute. Jule Arkotxa, Hondarribia Arraun Elkarteko arraunlari lekeitiarra, amets batean dago oraindik. Haren lehenengo urtea izan da Hondarribiko traineruan eta “berezia” izan da berarentzat. “Atzokoak ilusio handia egin zidan inoiz ez dudalako lortu horrelako garaipenik. Traineruan banderak irabaztea, liga irabaztea eta EuskoTrenerako txartela eskuratzea izugarria izan da. Gainera taldeak eskuzabal hartu ninduen eta oso gustura egon naiz denboraldi guztian”.
Denboraldi hasieran hamaika baja izan zituen emakumeen taldeak eta aurtengo ligan lehia estua espero zuten arren argi zuten “hor goran egoteko balio genuela eta azkenean, lan asko egin eta gero, lortu dugu!”.
Orain, liga amaituta Kontxako estropadan jarriko dute fokua eta ostegunean, sailkatze estropadan, lehen 7 traineruen artean egotea espero dute. “Estropada guztietan egin dugun moduan, gure %100a ematera irtengo gara eta hori egitea lortzen badugu sailkatzea lortuko dugu”.
EuskoLabel Liga
Hondarribia Arraun Elkarteko A ontziko arraunlariek ere asteburu ona egin dute Galiziako uretan, nahiz eta “pena puntu batekin” itzuli diren. “Egin behar genuen lan guztia egin ezinaren sentsazioarekin” amaitu dutela azaldu du Gaizka Gorostiagak. Izan ere, asteburuaren aurretik liga irabaztea haien eskuetan zegoelaren jakitun ziren. Orain, ordea, beren lanaz gain, beste zerbait beharko dute Ama Guadalupekoa ontziko arraunlariek hiru puntuak berreskuratu eta liga irabazteko; “datorren bi estropadetan bandera irabazteak ez digu ziurtatzen liga irabaziko dugula”. Hala ere, arantza horretaz gain, asteburu ona izan da hondarribiarrentzat. “Ezin da esan asteburu ona izan ez denik. TKEko bandera bat irabaztea behar den bezala baloratu behar da beti”.
Hori dela eta, asteburuan bandera irabazteak asko suposatu du taldearentzat. “Galiziako estropadak bereziak izaten dira. Besteetan larunbatetan hasten gara estropadetan pentsatzen eta kasu hauetan, ostiraletik denak elkartzen gara eta bidai hori berezia izaten da oso”.
Galiziako estropadak bereziki gogorrak izaten dira beti, eta atzo, Boiron adibidez, lehiak berak baino gehiago “estropada aurreak” baldintzatu zuen jardunaldia Gorostiagaren ustetan. Azken unera arte behe laino indartsu batek estaltzen zuen eremua. Estropada ordubete inguru atzeratu zen eta azkenean, askoren sorpresarako, estropada jokatzeko kondizio egokiak eman ziren. “Uretara hasieratik estropada jokatuko zela pentsatuz irten ginen” eta hori izan zen gakoa getariarraren ustez. “Mentalitate horrekin eta aurreko eguneko estropadari buelta emateko gogoarekin lortu genuen estropada oso on bat egitea eta horrela, bandera irabaztea”.
Une honetan baina, liga alde batera utzi eta Kontxako estropadako sailkatze estropadari begira jarri dira arraunlariak. “Izugarrizko ilusioarekin” ekingo diote Kotxaren edizio berri honi. Asteazkenean aukera guztiak aprobetxatu, lan txukun bat egin, sailkatu eta iganderako sentsazio onekin amaitzea espero du Gorostiagak, “gero ikusiko da, itsasoak jarriko gaitu gure tokian”.