Hondarribiko traineruak asteburuari ekiteko prest
Joan den asteburuko estropadak atzean utzita, bihar eta etzi izango dituztenetan jarri dute fokua Ama Guadalupeko arraunlariek.
Eusko Label Liga (Hondarribia da Oarso Bidasoko ordezkaria)
Joan den asteburuko zapore gazi-gozoaren ondoren, gogotsu ekingo diote Ama Guadalupeko ontziko mutilek asteburuko estropadei. Gainera, ligaren amaierara arte Gonzalo Carrion (B ontziko entrenatzailea eta A traineruko aurrekalari ohia) trainerura itzuliko da aurrekalari lanak egitera. Une honetan hirugarren dira sailakapen orokorrean (lehen bi postuetatik hiru segundotara). Joan den asteburuan galdutako puntuak berreskuratzen saiatuko dira Bizkaian eta Kantabrian izango dituzten estropadetan.
- Bihar (larunbata), 18:13etan, XXXVIII. Ondarroako bandera – Cicautxo SN.
- Etzi (igandea) 12:13ean, Castro Urdiales, X. bandera Caixabank.
EuskoTren Liga (Ez dago Oarso Bidasoko ordezkaririk)
- Bihar (larunbata), 17:40etan, IV. Ondarroako bandera – Cicautxo SN.
- Etzi (igandea) 11:40ean, Castro Urdiales, VII. bandera Caixabank.
ETE Liga (Hibaika eta Hondarribia dira Oarso Bidasoko ordezkariak)
Orain arteko asteburu gehienetan bezala estropada bakarra izango dute ETE Ligan dabiltzan Oarso Bidasoko traineruek. Bihar Castron arituko dira sasoi honetan bigarrenez. Estropada bi txandetan jokatuko da. Bost kaleetara lehena, lau kaleetara bigarrena. Hondarribiko eta Errenteria-Oreretako arraunlariak Deustorekiko duten tartea ahal den gehien zabaltzen saiatuko dira. Hala ere, joan den asteburuan tanda batetik besterako aldaketek ezusteko galantak ekarri zituen. Ondarroa (bigarren txandako irabazlea) hirugarren eta Hernani (lehen txandako irabazlea) laugarren sailkatu ziren Hibaika ontzitik zentesimetara. Beraz, eskualdeko ordezkariek hirugarren sailkatuarekiko errenta polita duten arren, liga amaitu arte adi-adi egon beharko dute, argi baitago edozer gerta daitekeela.
- Bihar (larunbata), 18:00etan, Castro Urdiales Hiriko bandera.
KAE1 Liga (San Pedro, San Juan eta Hondarribia B dira Oarso Bidasoko ordezkariak)
KAE1 Ligari amaiera emateko bi aste eskas geratzen dira. Dagoeneko hamar estropada jokatu dituzte eta une honetan San Pedroko Libia ontzia aurreneko postuaren jabe da. Oso liga berdintsua izaten ari da, izan ere, sanpedrotarrak ligaren buru badira ere, bi estropada soilik irabazi dituzte. Gakoa beraz, erregulartasunean dagoela argi du Ander Iriarte patroiak eta honakoa, lanaren emaitza dela azaldu du: “neguan eta denboraldi hasieran ez dakizu beste ontziak zenbat dabiltzan. Hasieratik lidertzako eta playoffeko lehian sartu ginen. Eta bai, sorpresa izan da, baina landutako sorpresa ere”.
Hondarribiko estropadan bigarren kaletik aritu ziren eta oso estropada ona burutu zuten, bigarren izan zirelarik. “Oso estropada fisikoa izan zen, eta beraz, argi dago fisikoki oso ondo dagoela taldea. Aste tarteko lana ondo egiten ari gara”.
Geratzen diren estropadei “gogo askorekin” ekingo diote sanpedrotarrek, “orain arte bezala”. Une onetan Plentziako estropada dute buruan. Taldearen asmoa estropada ona egitea eta “ahal bada” puntuak beren alde izatea da. Plentzian gutxi aritu bada ere, kaleen arteko ezberdintasuna egon daitekeelaren susmoa du, ibaia estropada eremutik gertu itsasoratzen baita. Hori dela eta, kalearekin zortea izatea espero du patroi donostiarrak.
Jardunaldi horren ondoren Castroko estropadan (hurrengo estropadan) jarriko dute fokua, izan ere, “playoffa eta liga bukaera gertu dauden arren, oraindik urruti ikusten ditugu. Bertara iristea lortu behar da oraindik”.
Gainontzeko ontziak, sanjuadarrak zein hondarribiarrak joan den asteburuko laugarren eta seigarren postua hobetzera irtengo dira.
- Bihar (larunbata), 17:30etan, Plentziako XXXIII. Ikurriña.
- Etzidamu (astelehena) 18:30ean, Castro Urdiales Hiriko bandera.
KAE2 Liga (Hibaika eta Trintxerpe-Illunbe dira Oarso Bidasoko ordezkariak)
Joan den asteburuko emaitza bikainen ondoren, indarberrituta irtengo dira asteburu honetan errenteriarrak. Trintxerpe-Illunbeko arraunlariak berriz, joan den asteburuko emaitza hobetzen saiatuko dira. Bihar eta etzi Kantabrian arituko dira.
- Bihar (larunbata), 19:00etan, Castro Urdiales Hiriko bandera.
- Etzi (igandea) 18:00ean, LII.Bandera EXCMO. Santoñako Udala VII. Fernando Palacio “cho” memoriala.