Zaldunborda II eremuaren inguruan mintzatu da Bidasoko EH Bildu
Bidasoko EH Bilduk Zaldunborda II eremuko hitzarmena "bertan behera uztea" eskatu die Irungo eta Hondarribiko Udalei.
Zaldunborda II Irun eta Hondarribia udalerrien mugan artean dagoen eremua da; Hondarribiak 8.866,06 m2 ditu, Irunek aldiz, 7.510,10 m2.
Bidasoko EH Bilduk aditzera eman duenez, Irun eta Hondarribiko Udalek aipatutako eremua bateratu eta jarduera ekonomikoak ezartzeko gune bat sortzeko asmoa dute, eta honakoa, datozen udalbatzetan onartu nahi dute gainera: “hala jasota dago bi udaletako hirigintza espedienteetan”.
Bidasoko EH Bildu erabaki horren kontra dago, izan ere, “balio ekologiko handia duen ingurune natural batean kokatuta” baitago eremua. Zentzu horretan, bai Hondarribiak eta baita Irunek ere, jarduera ekonomikoetarako “askoz ere egokiagoak diren” gune industrialak dituztela aitzatetsi dute.
Bestalde, Zaldunborda II eremua jabego pribatukoa dela gogorarazi dute, eta beraz, jarduera publikoa ezartzeko gune publiko bat bilatu dezatela eskatu du koalizioak. Argi dute “interes publikoa lehenetsi behar dela”, jarduera ekonomikoa, jabego pribatuaren esku utzi beharrean.
Horrengatik guztiagatik, Bidasoko EH Bilduk Zaldunborda II eremuko hitzarmena bertan behera uztea eskatu die Irungo zein Hondarribiko Udalei.