Aparkalekuen galerarekin kezkatuta dago Abotsanitz
Hondarribian aparkaleku arazoa dagoela salatu eta aparkalekuen galeraren inpaktu azterketa bat egitea proposatu du koalizioak.
Hondarribian aparkaleku arazoa dagoela salatu du Abotsanitzek eta honakoa berria ez den arren, aurten “inoiz baino bistakoagoa” dela azaldu dute. Bi dira koalizioaren ustez egoera hau sortzen edo areagotzen laguntzen dutenak: turismo kanpaina eta asfaltatze kanpaina.
Bigarrenari helduz, taldeak proiektuaren azken xedea elkarbanatzen duen arren (herriarentzat mugikortasun justuagoa, iraunkorragoa eta seguruagoa bermatzea), lehentasunak finkatzeko erabilitako irizpideekin daude desados. Martxoan, obren datak azaldu zituzten batzordean “harridura” eta “kezka” adierazi zutela azaldu dute, uda garaian gerta litezkeen arazoak kezkatzen baitzituzten. Bizi kalitatea, estresa eta nekea, esaterako. Orduko hartan bizilagunentzako aparkalekuak finkatu zitzaten eskatu zuten “baina ez zuten eskaera aintzat hartu”.
Egun, Hondarribiak duen egoera urbanistikoa berria dela, eta hirigintza plan berria lantzen ari direla kontuan izanik, aparkalekuen galerak duen eraginaren inpaktu azterketa martxan jartzea eskatu du koalizioak, “eguneratutako informazioarekin lan egitea inoiz baino beharrezkoagoa” baita.