Abuztuan ere, Katea Fest
Bihar Katea Fest-aren bosgarren topaketa izango da. Abuztuan ere giro ona, elkar-truke artistikoa eta musika bikaina ziurtatuta dago.
Abuztuan bete-betean murgildu gara dagoeneko, eta udak aurrera egin heinean, Katea Fest ere aurrera doa. Lau merkatu antolatu dituzte dagoeneko, eta azken txanpari ekiteko prest dira Julia Lasa eta Nora Ferreira antolatzaileak. Topaketa bakoitza ezberdina izan da; sortzaile kopurua, kokalekua, ordutegia… Horixe da Katea Fest-aren xarma, merkatu bekarrak eta bereziak sortzea eta “lotu dugula uste dut” aipatu du Lasak. “Postua jartzera datorren jendeak errepikatzeko gogoa du eta gu horrekin geratzen gara”.
Esperientzia berri honi amaiera emateko penaz dauden arren, etorkizunean gehiago antolatzeko aukerari uko egiten ez diotela gaineratu du artistak, “izugarrizko esperientzia izan da. Inoiz ez dugu ekitaldi bat antolatu eta bat-batean sei izan dira, eta nork daki etorkizunean gehiago antolatuko ditugun”.
Topaketak
Dena dela, oraindik, badago Katea Fest-az gozatzeko aukera. Abuztuan bi topaketa egongo dira. Lehena ostiral honetan izango da, bigarrena, hilaren 26an.
- Hilak 12, ostirala
Bihar, 16:00etan zabalduko da market-a. Azken bi topaketetan bezala, Arma Plazan izango da eta izan duen harrerarekin pozik da Lasa, “tabernek oso harrera ona egin digute eta jendea oso kontent dago. Toki gehiago dago eta alde horretatik, hobeto funtzionatzen duela uste dut”. Ostiral honetan parte hartuko duten sortzaileak Hondarribitik, Irundik, Donostiatik, Granadatik, Eibartik, Burgostik, Zarauztik, Antzuolatik, Bilbotik eta Pasai Antxotik datozte eta 25 postu ezarriko dituzte.
Parte hartzaileak honakoak dira: Banaka Ceramics, Wear Banzai, Le Muguet Deco, Decastelart, Miriam Loidi, Lohiart Ceramica, Carmen B. Mikelarena, Gigil Desing, Crystal Mine, Iban Illarramendi, Pamube Art, Nei Jonemuni, Soulsu, Julia Lasa, Andure, Ione Larrago, Kontxi Peluxa, Nire Begietatik, IRan, Lapretada, Lurky Cotton, Adrivalyptica, Yo Joyita, Luk eta Dulce Xaboia.
Ohiko merkatuaz gain, emanaldi eta ikuskizunak egongo dira ere. 16:00etan, merkatua irekitzearekin batera, June Matrapék uztailekin Katea Festentzat soilik sortutako ikuskizuna eskainiko du. Ondoren, 17:00etan Marmoka taldeko bi partaidek (Sakaraio eta Mkarel) kontzertua eskainiko dute. Gitarraz, bateriaz eta ahotsaz lagunduz kontzertu berezia prestatu dute. Egunerokotasunean oinarritzen diren gai ezberdinen inguruko kantuak eskainiko dituzte. Azkenik, Thelma & Louis DJ-ak izango ditugu; Julia Lasak eta Nora Ferreirak (antolatzaileak) osatutakoa. “Gainontzeko topaketetan inbidia sentitu dugu eta oraingoan gure musika jartzera ausartu gara”. 70. eta 80. hamarkadako musika ipiniko dute “rock, bachata, brasildarra… beste aro bateko musika ezarriko dugu helduenek ere beren giroa izan dezaten”.
- Hilak 26, ostirala
Katea Fest-ari amaiera emango dion topaketa izango da honakoa. Hori dela-eta, izaera berezia eman nahi izan diote. 16:00etan hasi eta 01:00ak arte iraungo du (Merkatua 22:00ak arte). Estreinakoz, Kasino Zaharreko lorategietan egingo da eta bost kontzertu antolatu dituzte Psilocyberekin elkarlanean: Lune, Gilda, Ginger, Kosmai Kosin eta Pinpilinpussies. Hortaz gain, edariak eta bokadilloak eskuratzeko barra bat ezarriko dute.
Prestatutiko guztia ikusteko gogoz dira antolatzaileak. Abuztuan ere giro ona, elkar-truke artistikoa eta musika bikaina ziurtatuta dago.