Emakumeen aurkako, edozein motako, erasoak gaitzetsi ditu udalak
Juan Mari Altuna udal zinegotziak, edozein motako eraso baten aurrean "uneoro, segurtasun protokoloak aktibatzeko prest" daudela adierazi du.
Asteburu honetan jendetza bildu da Hondarribian; estropadek zeresan handia izan dute. Udalak familian gozatzeko egun osoko ekimen sorta prestatu zuen; musika, txaranga, erraldoiak eta puzgarriak izan ziren, besteak beste. 33.000 auto sartu ziren herrian. Hori dela-eta “aparteko asteburua” izan da Hondarribiko Udalarentzat.
Hala ere, larunbat gauean ziztada kasu baten deia jaso zutela aditzera eman du udalak. Erasoen aurkako protokoloan lan egiten duten profesionalek berehala aktibatu zuten protokoloa. Zorionez, ziztadarik izan ez zela ondorioztatu zuten profesionalek.
Udalak emakumeen aurkako, edozein motako, erasoak gaitzetsi ditu. Eta “oso erne” jarraituko duela gaineratu du Juan Mari Altuna udal zinegotziak, “uneoro, segurtasun protokoloak aktibatzeko prest”.